Hilabete amaieran zabalduko ditu ateak Lezoko eguneko zentroak
Hilabete amaieran zabalduko ditu ateak Lezoko eguneko zentroak
Joan den ostiralean inauguratu zuten eguneko zentroa. Bertan izan ziren Ainhoa Zabalo alkatea, Foru aldundiko Arritxu Manterola, Biharko enpresako Luis Azkue eta Larraitz Olaizola, Aiton Bordako zuzendaritzako ordezkariak eta karitaseko kideak. Biharko taldeak kudeatuko du eguneko zentroa, eta hilaren amaieran zabalduko ditu ateak. Zentroak 30 lagunentzako lekua badu ere, hasiera batean 15 lagun baino ez ditu hartuko arduradunek zehaztu dutenez: “Foru aldundiarekin hitzartutako plaza kopurua da azken hori. Beraz hasieran, hamabost erabiltzaile izango ditu”. Zentroa erabiltzeko garaian berriz, “lehentasuna”, lezoarrek izango dutela azaldu du Zabalok.
Zentroaren zerbitzuak
Goizeko bederatzietan ateak zabaldu eta 17:30ak arte eskainiko die erabiltzaileei zerbitzua zentroak, astelehenetik ostiralera bitartean. Adinduak zentrora garraiatzeaz, Larrialdiak enpresa arduratuko da, bestalde, eta horretarako erabiltzaileen beharretara egokitutako ibilgailuak erabiliko dituzte. Bazkaria ere bertan egingo dute erabiltzaileek eta elikadura zerbitzuaz Sutondo enpresa arduratuko da. Menu guztiak, erabiltzaile bakoitzari egokitutakoak izango direla zehaztu dute arduradunek.
Auñamendi kaleko 10 eta 12 zenbakien artean kokatuta dago eguneko zentroa, 420 metro karratu ditu eta sukaldea, jangela, egongela, aldagelak eta terraza ditu. Ainhoa Hernandez izango da zentroaren zuzendaria eta Naroa Mayo Gizarte langilea, berriz, erabiltzaileen txostenen kudeaketaz arduratuko da.