Bortxaketa saiakera salatzeko kontzentrazioa deitu dute gaur
Ertzaintzak ostiral goizean atxilotutako 41 urteko ustezko bortxatzailea aske utzi zuten handik ordu gutxira, epaiketaren zain. Erabaki judiziala eta gertakaria salatzeko asmoarekin, kontzentrazioa deitu du Txingudi Antisexista koodinadorak gaur arrats...
Ertzaintzak ostiral goizean atxilotutako 41 urteko ustezko bortxatzailea aske utzi zuten handik ordu gutxira, epaiketaren zain. Erabaki judiziala eta gertakaria salatzeko asmoarekin, kontzentrazioa deitu du Txingudi Antisexista koodinadorak gaur arratsaldean, 19:30ean erasoa gertatu zen lekuan bertan –Juan de la Cruz kalea, Zabaltza plaza ondoan–. “Erasoa ekidin zuen emakumeak egin bezala, guk ere gure mespretxua erakutsi nahi dugu eraso hauei eta emakumeon arteko elkartasun txalotu nahi dugu”.
Irungo Udalak ere bat egin du deialdiarekin eta epaileak hartutako erabakia “errespetatu” arren, “desadostasuna” agertu du. “Herritarren kolaborazioa eta ordena publikoaren eraginkortasuna eskatu ditugu beti. Kasu honetan, biak bete dira, baina halere, kalean bertan emakume bat bortxatzen saiatzen harrapatu eta sexu delituengatik aurrekariak izan arren, ordu gutxitan aske utzi dute epailearen erabakiz”.
Tokiko gobernuak bat egin du kontzentrazioarekin, eta hilabeteko hirugarren larunbatean egin ohi den moduan, emakumeen aurkako indarkeria gaitzesteko Zabaltza plazan izango den kontzentraziora hurbiltzeko deia luzatu du.

