Alardearen ibilbidea osoa egin du Jaizkibel konpainiak
Gizon eta emakume soldaduz osaturiko Jaizkibel konpainiak Hondarribiko Alardearen goizeko ibilbidea egin du. Aurten, 300etik gora kidez osatuta egon da konpainia parekidea eta arazorik gabe egin dute bidea. Emakumearen parte hartzearen kontra daudenek “Betiko Alardea” zioten kartelak erakutsi dituzte Kale Nagusian, baina ezin izan dituzte espaloiak plastiko beltzez itxi eta, aurpegian maskara zuriak zituztelarik, Jaizkibelen jarraitzaileen atzean eutsi behar izan dituzte kartelak. Aurten desfilearen ibilbide osoa egin ahal izan dute Jaizkibel konpainiako gizon eta emakumeek, Gernikako Arbolako zatia barne. Iaz Herrizaingo Sailak galerazi zion bertatik igarotzea, segurtasun arrazoiak argudiatuta. Baina EAEko Auzitegi Gorenak Jaizkibelek jarritako helegiteari arrazoia eman zion udaberrian; besteak beste, Herrizaingo Sailak debekua jartzeko arrazoirik ez zuela eta Ibilbidearen zati hori sinbolikoa zela zion Gorenaren erabakiak. Hala, konpainia parekidearen jarraitzaileek Gernikako Arbolatik pasatzen ere ikusi ahal izan dute desfilea. Jende ugarik jarraitu du ibilbide osoan zehar konpainia parekidearen jarduna eta soilik Kale Nagusian batu dira kontrakoak. Olaia Arbelaiz kantinerak onartu du “lasai” egin duela ibilbidea. “Espero nuen bezala izan da. Kale Nagusian urtero bezala, baina jende pila batekin animatzen. Eta Gernikako Arbolan jendea errespeto handiarekin zegoen, eta pixka bat harritu nau horrek, hunkigarria izan da. Oso pozik nago”, esan du ibilbidea amaitzean. Desfilea Saindua ermitaren parera iritsi denean [...]
Gizon eta emakume soldaduz osaturiko Jaizkibel konpainiak Hondarribiko Alardearen goizeko ibilbidea egin du. Aurten, 300etik gora kidez osatuta egon da konpainia parekidea eta arazorik gabe egin dute bidea. Emakumearen parte hartzearen kontra daudenek “Betiko Alardea” zioten kartelak erakutsi dituzte Kale Nagusian, baina ezin izan dituzte espaloiak plastiko beltzez itxi eta, aurpegian maskara zuriak zituztelarik, Jaizkibelen jarraitzaileen atzean eutsi behar izan dituzte kartelak.
Aurten desfilearen ibilbide osoa egin ahal izan dute Jaizkibel konpainiako gizon eta emakumeek, Gernikako Arbolako zatia barne. Iaz Herrizaingo Sailak galerazi zion bertatik igarotzea, segurtasun arrazoiak argudiatuta. Baina EAEko Auzitegi Gorenak Jaizkibelek jarritako helegiteari arrazoia eman zion udaberrian; besteak beste, Herrizaingo Sailak debekua jartzeko arrazoirik ez zuela eta Ibilbidearen zati hori sinbolikoa zela zion Gorenaren erabakiak. Hala, konpainia parekidearen jarraitzaileek Gernikako Arbolatik pasatzen ere ikusi ahal izan dute desfilea.
Jende ugarik jarraitu du ibilbide osoan zehar konpainia parekidearen jarduna eta soilik Kale Nagusian batu dira kontrakoak. Olaia Arbelaiz kantinerak onartu du “lasai” egin duela ibilbidea. “Espero nuen bezala izan da. Kale Nagusian urtero bezala, baina jende pila batekin animatzen. Eta Gernikako Arbolan jendea errespeto handiarekin zegoen, eta pixka bat harritu nau horrek, hunkigarria izan da. Oso pozik nago”, esan du ibilbidea amaitzean.
Desfilea Saindua ermitaren parera iritsi denean konpainiako kideak errepidearen bi bazterretan jarri dira, eta atzetik zeramaten publikoa izan da errepidetik desfilearen azken metroak egin dituena. Horrela, ibilbidean erakutsitako berotasuna itzuli nahi izan diete konpainia parekideko kideek.
Publikoaz gain zenbait erakundeetako ordezkariak izan dira Jaizkibel konpainiako ibilbidea jarraitzen, hala nola, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Maria Silvestre Emakundeko zuzendaria, Iñigo Lamarca EAEko arartekoa edota Lohitzune Txarola Guipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea. Udal ordezkarien artean, Bildu koalizioko zinegotziak izan dira konpainia parekideari sustengua eman diotenak.
Tiro hotsik ez
Iazko arratsaldeko Alardean eskopeta tiro batek Mari Carmen Gonzalez zauritu zuen Portu auzoan. Deskargak egiteko lekuetatik kanpo izan zen gertakaria, baina ohikoa da baimenduetako lekuetatik kanpo eskopeta tiroak entzutea. Bi egunez koma egoeran egon eta gero, ospitalean hil zen emakumea. Hori dela eta, Jaizkibel konpainiak ibilbidean tirorik ez egitea erabaki zuen. Hala, ibilbidean musika besterik ez dute jo konpainia parekideko soldaduek, ohiko deskargarik gabe.



