Greba orokorraren harira, giroa berotu du ELAk
Hilaren 26ko greba orokorra dela eta, gaur ELAk manifestazioa egin du erdialdeko kaleetan barrena Greba orokorra. Pobreziarik ez lelopean. Bidean murrizketen eta pobreziaren kontrako oihuak bota dituzte, eta batik bat banketxeak kritikatu dituzte. Era...
Hilaren 26ko greba orokorra dela eta, gaur ELAk manifestazioa egin du erdialdeko kaleetan barrena Greba orokorra. Pobreziarik ez lelopean. Bidean murrizketen eta pobreziaren kontrako oihuak bota dituzte, eta batik bat banketxeak kritikatu dituzte. Era berean, grebarako deia egin dute. Protesta Biteri kaleko Kutxabanken egoitzaren aurrean bukatu dute.
Pablo Garmendia Oarso Bidasoko ELAko arduradunak azaldu duenez, jendea “geroz eta okerrago” dago: “Pobreziarantz eramango gaituzte, eta guk ezin dugu geldirik gelditu. Horregatik, mobilizazioa eta greba planteatzen ditugu”. Hain zuzen, beste grebekin alderatuta, egoera “okertu” dela iritzi dio, eta horrenbestez, kalera ateratzea beharrezkotzat jo du. Herritarren pobrezia areagotzeak, bankuei ematen dizkieten “beste galaxia bateko” diru kopuruarekin kontrastatzen duela iritzi dio, eta horri lotsagarritzat jo du: “Dirua krisi horren errudunetara heltzen ari da, eta ez jende arruntaren eskuetara”.
Hasiera batean Sabecoko langileen egoera salatzeko Niessen merkataritza zentrora joatekoak ziren, baina aurrerago protesta gehiago egingo dituztela aurreratu du Garmendiak, “Eroskiren jarrera salatzeko”. Izan ere, Eroski eta Murias Sabecoren egoitza izandakoan supermerkatua irekitzeko akordio batera iritsi direla azaldu du, baina Eroskik garai baten egindako “eskaintza baino okerragoa” egin duela jakinarazi du langileen interesekiko, “greba egitera bultzatu zuten eskaintza baino okerragoa”, zehaztu du.

