Olaia Arbelaiz, Jaizkibel konpainiako kantinera: “Ez nekien kantinera izateko inork nire izena aurkeztu zuenik”
Konpainiako lehen kantinera izandakoaren iloba da. Aurten txilibitoarekin lehen aldiz desfilatzeko asmoa zuen. Jaizkibel konpainia parekideko kantinera da Olaia Arbelaiz (Hondarribia, 1988). Izaskun Larruskain kapitainak zozketaren berri emateko deitu zionean ezetz esan zion aurrena, ez baitzekien aurkeztu zutenik ere. Bere izeba Ainhoa Arbelaizek eman zuen bere izena, 1997 urtean Jaizkibeleko lehen kantinera izandakoak. Izebarekin hitz egin izan du, baina garai hartakoek eta oraingoek zer ikusteko gutxi dutela uste du. Horregatik baliagarriagoak izan zaizkio duela bi urteko kantinerak idatzitako oharrak, eta beste konpainietako aurtengo kantinera batzuekin ere hitz egin duela onartu du. Zer moduz moldatu zinen lehen bi entseguetan? Bigarren entseguan jada oso lasai egon nintzen [elkarrizketa atzo eguerdian izan zen, azken entseguaren aurretik]. Pasatu beharrekoak lehen egunean pasatu nituen, eta hala ere nik uste nuena baino lasaiago egon nintzen astelehenekoan. Eta herenegun oso gustura egon nintzen. Jaizkibelek, gainontzeko konpainiatik bereizten dituen zenbait ezaugarri ditu, besteak beste, kantineraren hautaketa zozketa bidez egiten duen konpainia bakarra dela. Zer sentitu zenuen aurtengo kantinera zu izango zinela jakitean? Ez nekien aurkeztu nindutenik ere. Aurten lehenengo urtez atera behar nintzen txilibitua jotzen, eta inoiz ez dut aipatu kantinera izan nahi nuenik. Izebak eman zuen nire izena eta zozketaren ondoren Izaskunek —Larruskain, konpainiako kapitaina— sakelakora deitu [...]
Konpainiako lehen kantinera izandakoaren iloba da. Aurten txilibitoarekin lehen aldiz desfilatzeko asmoa zuen.
Jaizkibel konpainia parekideko kantinera da Olaia Arbelaiz (Hondarribia, 1988). Izaskun Larruskain kapitainak zozketaren berri emateko deitu zionean ezetz esan zion aurrena, ez baitzekien aurkeztu zutenik ere. Bere izeba Ainhoa Arbelaizek eman zuen bere izena, 1997 urtean Jaizkibeleko lehen kantinera izandakoak.
Izebarekin hitz egin izan du, baina garai hartakoek eta oraingoek zer ikusteko gutxi dutela uste du. Horregatik baliagarriagoak izan zaizkio duela bi urteko kantinerak idatzitako oharrak, eta beste konpainietako aurtengo kantinera batzuekin ere hitz egin duela onartu du.
Zer moduz moldatu zinen lehen bi entseguetan?
Bigarren entseguan jada oso lasai egon nintzen [elkarrizketa atzo eguerdian izan zen, azken entseguaren aurretik]. Pasatu beharrekoak lehen egunean pasatu nituen, eta hala ere nik uste nuena baino lasaiago egon nintzen astelehenekoan. Eta herenegun oso gustura egon nintzen.
Jaizkibelek, gainontzeko konpainiatik bereizten dituen zenbait ezaugarri ditu, besteak beste, kantineraren hautaketa zozketa bidez egiten duen konpainia bakarra dela. Zer sentitu zenuen aurtengo kantinera zu izango zinela jakitean?
Ez nekien aurkeztu nindutenik ere. Aurten lehenengo urtez atera behar nintzen txilibitua jotzen, eta inoiz ez dut aipatu kantinera izan nahi nuenik. Izebak eman zuen nire izena eta zozketaren ondoren Izaskunek —Larruskain, konpainiako kapitaina— sakelakora deitu zidanean ezezkoa eman nion, ez nekien zer esan, eta egun bateko tartea eman zidaten erabakitzeko. Baina familian, nik izan ezik, beste guztiek bazekiten aurkeztu nindutela eta nire izena atera orduko hasi ziren denak deika. Azkenean, baietz esan nuen. Eta pozik nago.
Zure izeba Ainhoak eman zuen zure izena; bera izan zen konpainia parekideko lehen kantinera, 1997an. Hitz egin al duzu berarekin, gomendio eske edo…
Lehenengo bronka botatzeko deitu nion; berari egindakoa izan zen lehenengo deia. Baina bera kantinera atera zenekoak ez du zerikusirik oraingoarekin, eta prestaketa oso desberdina izan da. Duela bi urteko kantinerak, Patricia Eizagirrek, koaderno bat idatzi zuen egin beharrekoekin eta abarrekin; hori pasatu zidan eta hori irakurri dut.
Balio al dute gomendio horiek zerbaiterako?
Bai, oso ondo daude. Niretzako agian ez horrenbeste, baina bai nire amarentzako. Nik azkenean arropa prestatu eta ezer gutxi gehiago. Baina ingurukoentzako gehiago da: merienda, hasierako nerbioak… Hasieran gaizki pasatu dute nire gurasoek.
Gainontzeko kantinerek harreman estua egiten dute, elkarrekin parte hartzen dutelako ekitaldi askotan. Hori ez da gertatzen Jaizkibel konpainiako kantinerarekin, zurekin. Ba al duzu beste kantineraren batekin harremanik?
Ba aurten bat edo besterekin izan dut harremana; hitz egin dugu eta lagundu naute… Pentsatzen nuena baino gehiago izan da, baina normala da, finean ezagunak garelako herrian, eta normala da gure artean harremana izatea.
Horretan ere ikusten da gauzak aldatuz doazela…
Bai, eta entseguetan ere nabaritu izan dut hori. Hori ez zen lehen gertatzen.
Hilaren 8rako beldurrik ba al duzu? Kale nagusiko ibilbideari agian?
Ez, bat ere ez. Kantinera izandako beste batzuek esan izan didate oso zaila izango zela, mortala izango zela, baina entseguetan ez zait horrenbestekoa iruditu. Oso lasai nago.
Giroa lasaiago bai, baina desfilean gainontzeko konpainiekin batera desfilatzeko aukerarik ez du Jaizkibelek. Nola ikusten duzu zuk?
Gizartean gauzak nabarmen aldatu dira. Espero ez nuen jendea hurbildu zait zoriontzera eta ikusten dut pixkanaka-pixkanaka giroa hobetzen doala eta geroz eta gehiago direla Jaizkibelen desfilatzea erabakitzen duten beste konpainietako kideak. Jende asko dago urrats hori egiteko beldurrarekin, baina egun batean pentsatzen duten hori onartuko dute eta urratsa egitera animatuko dira. Bide horretatik etorriko da aldaketa.