Ingurumen kontseiluak hondakinen gaiari buruzko parte hartze prozesua martxan jarri du
Atzo izandako bileraren ondotik, Ingurumen Aholku Kontseiluak herriko hondakinen kudeaketan herritarrek parte hartzeko prozesu bat martxan jarri du. Hala nola, auzoz auzo bilerak egingo dituzte herriko hondakinen egungo egoerari buruzko txostena aurkeztu eta hondakinak biltzeko sistemen inguruan eztabaidatzeko. Hortik ateratako ondorio eta proposamenak bildu eta Ingurumen Aholku Kontseiluak azken dokumentua udalari igorriko dio. Azarorako amaituta edukitzea espero dute. Jose Manuel Ferradas kontseiluko presidenteak azaldu duenez, plan horren bidez “bide bat ireki nahi dute informatzeko, hausnarketa eragiteko eta herritarrei entzuteko”. Ingurumen kontseiluak zein udalak “herritarrak entzun” nahi dituztela nabarmendu du Ferradasek “etorkizunean zein politika martxan jarri behar diren jakiteko”. Ildo beretik, Alazne Korta alkateordeak esan du garrantzitsutzat jotzen dutela herritarrek bilera horietan parte hartu, zalantzak argitu eta gai horren gainean “euren iritzi propioa lantzea, eta herritarrek erabakitzea zer nahi duten herriarentzat”. Egutegi bat zehaztu dute. Hilaren 15ean (larunbata) hitzaldi ireki bat egongo da Reina aretoan, 10.00etan, kudeaketari buruz, eta ondoren, mahai ingurua antolatu dute hainbat aditurekin. Hilaren 29an, berriz, irteera egingo du kontseiluak hondakinak biltzeko beste esperientzia batzuetara, Beasain (bosgarren edukiontzia), Oiartzun (atez atekoa) eta Itsasondora (eredu mistoa). Urriaren 10ean hasiko dituzte auzoz auzoko bilerak. Lehenengoa erdialdea, Pontika, Gaztaino eta Iztietako bizilagunekin; hurrengoa (urriaren 17an) Beraun, Galtzaraborda, Alaberga eta Kaputxinoetako bizilagunekin; [...]
Atzo izandako bileraren ondotik, Ingurumen Aholku Kontseiluak herriko hondakinen kudeaketan herritarrek parte hartzeko prozesu bat martxan jarri du. Hala nola, auzoz auzo bilerak egingo dituzte herriko hondakinen egungo egoerari buruzko txostena aurkeztu eta hondakinak biltzeko sistemen inguruan eztabaidatzeko. Hortik ateratako ondorio eta proposamenak bildu eta Ingurumen Aholku Kontseiluak azken dokumentua udalari igorriko dio. Azarorako amaituta edukitzea espero dute.
Jose Manuel Ferradas kontseiluko presidenteak azaldu duenez, plan horren bidez “bide bat ireki nahi dute informatzeko, hausnarketa eragiteko eta herritarrei entzuteko”. Ingurumen kontseiluak zein udalak “herritarrak entzun” nahi dituztela nabarmendu du Ferradasek “etorkizunean zein politika martxan jarri behar diren jakiteko”.
Ildo beretik, Alazne Korta alkateordeak esan du garrantzitsutzat jotzen dutela herritarrek bilera horietan parte hartu, zalantzak argitu eta gai horren gainean “euren iritzi propioa lantzea, eta herritarrek erabakitzea zer nahi duten herriarentzat”.
Egutegi bat zehaztu dute. Hilaren 15ean (larunbata) hitzaldi ireki bat egongo da Reina aretoan, 10.00etan, kudeaketari buruz, eta ondoren, mahai ingurua antolatu dute hainbat aditurekin.
Hilaren 29an, berriz, irteera egingo du kontseiluak hondakinak biltzeko beste esperientzia batzuetara, Beasain (bosgarren edukiontzia), Oiartzun (atez atekoa) eta Itsasondora (eredu mistoa).
Urriaren 10ean hasiko dituzte auzoz auzoko bilerak. Lehenengoa erdialdea, Pontika, Gaztaino eta Iztietako bizilagunekin; hurrengoa (urriaren 17an) Beraun, Galtzaraborda, Alaberga eta Kaputxinoetako bizilagunekin; jarraian (urriaren 24ean), Gabierrota, Fanderia, Lartzabal eta Agustinetako bizilagunekin; eta azkena, urriaren 31n, Zamalbideko bizilagunekin.
Egungo egoeraren txostena
Egutegia, baina, atzo jarri zen martxan. Bertan, Izadi 21 enpresak egindako Hiri hondakin solidoen udal kudeaketa eta bilketaren egungo egoera Errenterian txostena aurkeztu zitzaion kontseiluari. Txosten horren arabera, geroz eta hondakin gutxiago sortzen dute errenteriarrek, baina era berean, gutxiago birziklatu eta zabor gehiago bidaltzen dute zabortegira: 2008an hondakinen %38 birziklatzen zen eta 2011n %31; zabortegira, berriz, 2008an zaborraren %62 bidaltzen zen, eta 2011n %68.
2008an San Markoko zabortegia itxi zenetik, horiek Urteta (Zarautz), Sasieta (Beasain) eta Lapatx (Azpeitia) zabortegietara bidaltzen dira, eta birziklatzen direnak, berriz, Urnietan eta beste zenbait puntutan tratatzen dira.
Txostenak ere azaltzen du zabor poltsaren %40 organikoa da, %40-50 birzikla daitekeela, eta gainontzekoa (%10-20) errefusa dela. Horiek biltzeko hiru adibide daude Gipuzkoan, atez atekoa, bosgarren edukiontzia eta sistema mistoa (Itsasondon). Azken horrek bost edukiontziak mantentzen ditu kaleetan, baina berdea, nahasketako hondakinena, kentzen dute. Horrez gain, errefusa biltzeko atez atekoaren antzeko kuboak erabiltzen dituzte.