Olaia Arbelaiz: “Ez nekien kantinera izateko nire izena eman zutenik”
Bihar Olaia Arbelaizi egindako elkarrizketa argitaratuko du Oarso Bidasoko HITZAk. Jaizkibel konpainia parekideko kantinera da Arbelaiz, eta, besteak beste, orain arteko entseguetan nola moldatu den eta zein giro somatu duen kontatu dio HITZAri. Izasku...
Bihar Olaia Arbelaizi egindako elkarrizketa argitaratuko du Oarso Bidasoko HITZAk. Jaizkibel konpainia parekideko kantinera da Arbelaiz, eta, besteak beste, orain arteko entseguetan nola moldatu den eta zein giro somatu duen kontatu dio HITZAri. Izaskun Larruskain kapitainak zozketaren berri emateko deitu zionean ezetz esan zion aurrena, ez baitzekien aurkeztu zutenik ere. Bere izeba Ainhoak eman zuen bere izena, 1997 urtean Jaizkibeleko lehen kantinera izandakoak.
Izebarekin hitzegin izan du, baina garai hartakoek eta oraingoek zer ikusteko gutxi duela uste du. Horregatik baliagarriagoak izan zaizkio duela bi urteko kantinerak idatzitako oharrak eta beste konpainietako aurtengo kantinera batzuekin ere hitzegin duela onartu du.
Bi entsegu egin ditu gaur arte Jaizkibel konpainia parekideak —gaur dute azkena, 20:00etan San Cristobaleko biribilgunetik hasita—eta uste baino hobeto moldatu da Arbelaiz: “Pasa beharrekoak lehen entseguan pasa nituen, eta hala ere nik uste nuena baino lasaiago egon nintzen”. Eta hilaren 8ko desfilerako beldurrik ez du, “giroa asko lasaitu” delako: “Gauzak nabarmen aldatu dira. Espero ez nuen jendea hurbildu zait zoriontzera eta ikusten dut pixkanaka-pixkanaka giroa hobetzen doala eta geroz eta gehiago direla Jaizkibelen desfilatzea erabakitzen duten beste konpainietako kideak”

