Ikasturte berrirako zortzi ikastaro antolatu ditu Gaxuxa elkarteak
Ikasturte berrirako zortzi ikastaro antolatu ditu Gaxuxa elkarteak
Gaxuxa emakume elkarteak, zortzi ikastaro antolatu ditu ikasturte berrirako udalaren laguntzarekin. Urriaren 1ean hasiko du ikasturtea emakume elkarteak, baina ikastaro horietan parte hartu nahi dutenek, gaur eta bihar eman beharko dute izena. Horretarako, Gaxuxaren egoitzara (Hipolito Gezala kalea, z/g) jo beharko dute interesdunek goizez, 10:00etatik 12:00etara eta arratsaldez, berriz, 17:00etatik 19:00etara. Matrikulari dagokionean, ikastaro bakoitzak 60 euro balio du Lezoko biztanle direnen kasuan; kanpokoek, berriz, 70 euro ordaindu beharko dituzte. Aurrera egiteko ikastaroan gutxienez zortzi lagunek izena eman beharko dutela zehaztu du Miren Ormazabal Gaxuxako zuzendaritzako kideak, “kopuru hori ez bada betetzen izugarri garestitzen delako ikastaroa”. Ikasturtero antzeko ikastaroak antolatzen dituztela zehaztu du, bestalde: “Parte hartzen duten emakumeek gustura egiten dituzte ikastaroak, ohitu dira horietara, eta zaila izaten da aldatzea eta gauza berriak sartzea”.
180 emakume baino gehiago
Hala ere, aurten bada berritasunik. Garuna garatu ikastaroaren atzean, garuna lanean jartzea dute helburu eta apustu berria dela nabarmendu du Gaxuxako kideak, “ikusiko dugu zein erantzun duen”. Horrekin batera, eskulanak, marrazketa eta pintura, slowing soinketa, gantxiloa eta puntoa, patchwork eta pilates ikastaroak dira aurten eskainiko dituztenak. Gainontzeko arloetan bezala, krisiak elkartearengan ere eragina izan duela esan du Ormazabalek, eta ikastaroren bat bertan behera utzi beharko dutela aurreikusi du. Urtero 180 emakumetik gora ematen dute izena Gaxuxak antolatutako ikastaroetan, “adin guztietakoak, gainera”, esan du Ormazabalek. Ikastaroekin batera, hitzaldiak, Emakumearen Nazioarteko Egunean erakusketa, irteerak eta antzerki emanaldiak antolatzen ditu Gaxuxak ikasturtean zehar.