Herrizaingo Sailak entseguetarako mugak jarri dizkio Jaizkibel konpainiari
Jaizkibel konpainiak atzo hasi zituen hilaren 8ko desfilerako entseguak. Aurten ere ezin dute nahi zuten ibilbidea egin entseguetan. Izan ere, San Pedro kaletik bi aldiz igaro nahi zuten, baina Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak behin bakarrik igarotzeko baimena eman die. Berriro ere segurtasun arrazoiak erabili ditu erabaki hori hartzeko argudio gisa. Jaizkibel konpainiako kapitain berriak, Izaskun Larruskainek, nabarmendu du “harriduraz” hartu dutela berria: “Iazko debekuari lotutako epaia gure aldekoa izan zela kontuan hartuta, ez genuen espero halakorik”. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak alarde parekidearen entseguetako eta desfileko ibilbidean aldaketak egitea erabaki zuen iragan urtean. Entseguetan San Pedro kaletik igarotzea debekatu zien, eta desfile egunean, Gernikako Arbolatik. Aurtengo apirilean EAEko Auzitegi Nagusiak baliorik gabe utzi zuen debekua, Herrizaingo Sailak ibilbidea “modu arbitrarioan” aldatu zela argudiatuta. Hala, ontzat eman zuen Jaizkibelek jarritako helegite bat. Epaiaren arabera, Jaizkibel konpainiako kideei biltzeko askatasuna urratu zitzaien eta onartu zuen debekatu zieten ibilbidearen zatia “sinbolikoa” zela. Jaizkibel konpainiak entseguak luzeagoak egitea erabaki zuen duela aste batzuk, eta, aurreikusita zeukaten ibilbidearekin egoki zetorkiela kontuan hartuta, San Pedro kaletik bi aldiz igarotzeko eskaria egin zuen. Ezezkoa eman die Eusko Jaurlaritzak, eta behin bakarrik pasatu ahal izango dira bertatik. Oraingoan ere segurtasun arrazoiak eman ditu arrazoi gisa eskaria ontzat ez hartzeko. [...]
Jaizkibel konpainiak atzo hasi zituen hilaren 8ko desfilerako entseguak. Aurten ere ezin dute nahi zuten ibilbidea egin entseguetan. Izan ere, San Pedro kaletik bi aldiz igaro nahi zuten, baina Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak behin bakarrik igarotzeko baimena eman die. Berriro ere segurtasun arrazoiak erabili ditu erabaki hori hartzeko argudio gisa. Jaizkibel konpainiako kapitain berriak, Izaskun Larruskainek, nabarmendu du “harriduraz” hartu dutela berria: “Iazko debekuari lotutako epaia gure aldekoa izan zela kontuan hartuta, ez genuen espero halakorik”.
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak alarde parekidearen entseguetako eta desfileko ibilbidean aldaketak egitea erabaki zuen iragan urtean. Entseguetan San Pedro kaletik igarotzea debekatu zien, eta desfile egunean, Gernikako Arbolatik.
Aurtengo apirilean EAEko Auzitegi Nagusiak baliorik gabe utzi zuen debekua, Herrizaingo Sailak ibilbidea “modu arbitrarioan” aldatu zela argudiatuta. Hala, ontzat eman zuen Jaizkibelek jarritako helegite bat. Epaiaren arabera, Jaizkibel konpainiako kideei biltzeko askatasuna urratu zitzaien eta onartu zuen debekatu zieten ibilbidearen zatia “sinbolikoa” zela.
Jaizkibel konpainiak entseguak luzeagoak egitea erabaki zuen duela aste batzuk, eta, aurreikusita zeukaten ibilbidearekin egoki zetorkiela kontuan hartuta, San Pedro kaletik bi aldiz igarotzeko eskaria egin zuen. Ezezkoa eman die Eusko Jaurlaritzak, eta behin bakarrik pasatu ahal izango dira bertatik. Oraingoan ere segurtasun arrazoiak eman ditu arrazoi gisa eskaria ontzat ez hartzeko. Larruskainek azaldu du ez zutela espero halakorik: “Urte osoan izan ditugun bilerak eta Emakunde saria eman zigutela kontuan hartuta, harritu egin gaitu erabakiak”.
Desfile egunean, datorren larunbatean, ohiko ibilbidea egin ahal izango dute, eta Gernikako Arbolatik igarotzeko aukera izango du Jaizkibel konpainia parekideak.