Hilaren 6rako marea bikingoa iragarri dute
Hondarribiko Gazte Asanbladak Bikingo Marea antolatuko du hilaren 6ko arratsaldean. Aurten Butroi pasealekuko hondartzatik (Uxoa tabernaren parean) abiatuko dira, eta Bidasoa etorbideko arranpan egingo dute lehorreratzea (Roteta jatetxearen ondoan). Antolatzaileek euren blogean azaldu dutenez, “mareak aztertu eta segurtasuna kontuan hartu eta gero zehaztu dugu ibilbidea eta ordutegia”. Hilaren 6ko arratsaldeko bostekin batera jaurtiko dute suziria, baina gazteak bi ordu lehenagotik ariko dira prestaketa lanetan. Izan ere, muntaketa tailerra jarriko dute Butroi pasealekuko hondartzan. Bertan, besteak beste, lehorreratzean parte hartuko duten koadrilei materiala utziko diete, “piratak utzitako poltsak”. Parte hartzea libre den arren, Gazte Asanbladak interesdunei dei egin diete izena emateko; horrela, parte hartzaile guztiek jaso ahalko dute materiala. Posta elektronikoz egin behar da eta taldearentzako asmatutako izena, arduradun baten izena eta telefonoa eta taldekide kopuruaren berri eman behar da. Aurten bigarren urtea egingo duen arren, Bikingoen abordatzeak arrakasta itzela izan zuen eta aurten parte hartzaile kopurua handitzea espero du Gazte Asanbladak. Diotenez, helburua ondo pasatzea da: “Baltsak abordatu, urarekin busti… Animazioa ere egongo da. Hori bai inor mindu gabe mesedez!”. Ingurunea babesteko neurriak Nolanahi ere, ekitaldiaren deitzaileek zenbait neurri hartu dituzte, ingurunea babeste aldera. Hala, Bidasoa ibilbideko arranpan talde bat egongo da garbiketa lanak egiten; beraien ardura izango da bertara [...]
Hondarribiko Gazte Asanbladak Bikingo Marea antolatuko du hilaren 6ko arratsaldean. Aurten Butroi pasealekuko hondartzatik (Uxoa tabernaren parean) abiatuko dira, eta Bidasoa etorbideko arranpan egingo dute lehorreratzea (Roteta jatetxearen ondoan). Antolatzaileek euren blogean azaldu dutenez, “mareak aztertu eta segurtasuna kontuan hartu eta gero zehaztu dugu ibilbidea eta ordutegia”.
Hilaren 6ko arratsaldeko bostekin batera jaurtiko dute suziria, baina gazteak bi ordu lehenagotik ariko dira prestaketa lanetan. Izan ere, muntaketa tailerra jarriko dute Butroi pasealekuko hondartzan. Bertan, besteak beste, lehorreratzean parte hartuko duten koadrilei materiala utziko diete, “piratak utzitako poltsak”.
Parte hartzea libre den arren, Gazte Asanbladak interesdunei dei egin diete izena emateko; horrela, parte hartzaile guztiek jaso ahalko dute materiala. Posta elektronikoz egin behar da eta taldearentzako asmatutako izena, arduradun baten izena eta telefonoa eta taldekide kopuruaren berri eman behar da.
Aurten bigarren urtea egingo duen arren, Bikingoen abordatzeak arrakasta itzela izan zuen eta aurten parte hartzaile kopurua handitzea espero du Gazte Asanbladak. Diotenez, helburua ondo pasatzea da: “Baltsak abordatu, urarekin busti… Animazioa ere egongo da. Hori bai inor mindu gabe mesedez!”.
Ingurunea babesteko neurriak
Nolanahi ere, ekitaldiaren deitzaileek zenbait neurri hartu dituzte, ingurunea babeste aldera. Hala, Bidasoa ibilbideko arranpan talde bat egongo da garbiketa lanak egiten; beraien ardura izango da bertara iritsiko diren baltsak behar bezala jasotzea.
Gainera, parte hartzaileei bi eskakizun egin diete. Batetik, ontziei flotagarritasuna emateko metal zein plastikozko bidorik ez erabiltzeko eskatu diete, “normalean gauza toxiko edo korrosiboak garraiatzeko erabiltzen baitira”. Eta, bestetik, egur olak elkarren artean lotzeko iltzerik ez erabiltzeko: “txikotiak, zinta amerikanoa edo beste zenbait modu daude, garbiketa laneko jendearentzat seguruagoak direnak”, esan dute.


