Santiagotarrak hirugarren izan da ibaietako bigarren txapelketan
Joan den igandean, Zumaian, Urolako 36. Igoera-Jaitsiera egin zuten, Euskadiko XIV. Ibai Koparako bigarren proba puntuagarria. Santiagotarrak Arraun Elkarteko piraguistek hirugarren postua lortu zuten bertan. Guztira, hemezortzi kirolari eraman zituzte...
Joan den igandean, Zumaian, Urolako 36. Igoera-Jaitsiera egin zuten, Euskadiko XIV. Ibai Koparako bigarren proba puntuagarria. Santiagotarrak Arraun Elkarteko piraguistek hirugarren postua lortu zuten bertan. Guztira, hemezortzi kirolari eraman zituzten Zumaiara irundarrek.
Santiagotarrak-etik azaldu dutenez, “irteera oso gatazkatsua izan zen. Lehorretik irten ziren kirolariak, hondartzatik; gainera, zenbait piraguista hasierako seinalea eman baino lehenago aurreratu ziren, eta horrek ustekabean hartu zituen gainontzekoak”. Gorriek atzetik aurrera egin zuten, eta hainbat kirolarik lehen postuetan bukatzea lortu zuten.
Javier Herrera eta Garazi Gomez euren probetan nagusi izan ziren: Herrera, Senior Mailako C-1ean eta Gomez, 23 urtez azpiko K-1 proban. Irundarrek bost zilar eskuratu zituzten: Iñigo Garciak, Helduen Mailako C-1ean; Igor Galarzak, Gazte Mailako K-1ean; Iñigo del Pozok, Kadete Mailako C-1ean; eta, kaiak modalitatean, kadeteen bi ontziak, Oihan Sayar eta Jon Moreno, mutiletan, eta Joana Bulman eta Maddi Exposito, nesketan. Dominetako azkena Lander Llanok jantzi zuen, brontzezkoa, kadeteen C-1ean.
2012ko Euskadiko Ibaietako Kopa amaitzeko bi proba falta dira. Lehenengoa asteburu honetan izango da, Plentzian. Eta azkena Bidasoan egingo dute, Irunen, Berako bihurgunetik hasita. Bidasoa Ibaiaren Nazioarteko Jaitsieraren 46. ekitaldia izango da.

