Ibaia dragatzea ikertzen ari direla esan du Santanok
Behobiako auzotarrek Bidasoa ibaia dragatzeko egindako eskaeren aurrean, Jose Antonio Santano alkateak gaia aztertzen ari direla erantzun die. Horren gainean, udala «kezkatuta» dagoela adierazi du, baina ez dela bere zuzeneko eskumena: “Ziur na...
Behobiako auzotarrek Bidasoa ibaia dragatzeko egindako eskaeren aurrean, Jose Antonio Santano alkateak gaia aztertzen ari direla erantzun die. Horren gainean, udala «kezkatuta» dagoela adierazi du, baina ez dela bere zuzeneko eskumena: “Ziur nago, gai horrek modu berean eragiten diela Irun, Hondarribia eta Hendaiari, eta horrenbestez, ekintzak modu bateratuan eta koordinatuan egin behar ditugu”.
Ildo horretatik, 2008an hiru udalerrietako alkateak aldundiko Kosten Saileko ordezkariarekin bildu zirela azaldu du, baina orduan ez zutela erantzun garbirik jaso. Alkatearen arabera, aurrerago jakin ahal izan zuten Pirinio Atlantikoetako Departamentua eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ikerketa tekniko bat martxan jarri zutela, “Bidasoan eta Urumean lan egiteko zein aukera dauden ikusteko”. Ikerketa hori Europako egitasmo baten bidez egin dutela zehaztu du, eta “laster” aurkeztuko dituztela horren ondorioak. Ekintzak modu bateratuan abiatzeko horiei “itxaron” behar zaiela esan du.
Behobian sinadurak biltzen hasi dira ibaia dragatzeko eskatuz; izan ere, arazoak izan dituzte zenbait kasutan urak gainezka egiten duelako. Santanok auzotarrei esan die udalak “bere eskuetan dagoen guztia” egin duela ibaia hazteak dakartzan arriskuak gutxitu edo saihesteko.

