Bi argazkilari itsasoari begira jarri ditu Mendi Zolan kultur aretoak
Claude Medale eta Alain Etxepare argazkilariek erakusketa bateratua aurkeztu dute Hondartza auzoko Mendi Zolan kulturgunean (Itsas etorbidea). Herenegun inauguratu zuten, eta abuztuaren 11ra arte bisita daiteke, Zokoburuko aretoaren ohiko ordutegian. M...
Claude Medale eta Alain Etxepare argazkilariek erakusketa bateratua aurkeztu dute Hondartza auzoko Mendi Zolan kulturgunean (Itsas etorbidea). Herenegun inauguratu zuten, eta abuztuaren 11ra arte bisita daiteke, Zokoburuko aretoaren ohiko ordutegian. Medalek eta Etxeparek orotariko estiloak lantzen dituzte, baina zuri beltzean eginiko kostaldeko paisaiak bildu dituzte Itsasoa atzean, haizeak parean goiburua duen erakusketarako.
Herriko Etxeko Kultura Zerbitzuak elkartu ditu bi argazkilariak, itsasoaren begiraden gaineko eztabaida pizteko: “Itsasbazterrari buruzko begirada gurutzatuek gogoetak sortzen dituzte gure baitan: zer da urrun eta zer da hurbil, zer da ametsa eta zer da errealitatea, Donostia eta Aturri ibai-ahoaren artean? Zalantzatik ziurtasunera, istorio horiek kontatzen dizkigute”.
Guztira 25 argazki diptiko ikus daitezke Mendi Zolanen, fine art Hahnemuhle paper berezian inprimatuak, eta euskarri gogorrean muntatuta.

