San Miguel Ligako hirugarren asteburua, Galizian
San Miguel Ligako bosgarren eta seigarren estropadak jokoan izango dira asteburuan, kasu honetan Pontevedrako (Galizia) uretan. Hala, bihar, 18:00etatik aurrera, Euskadi Saboreala banderan lehiatuko dira, O Groven, Hondarribia, San Juan eta San Pedro. Etzi, berriz, Moañara joango dira Oarsoaldeko eta Bidasoko arraunlariak, 12:00etan hasita Fandicosta banderaren bila joango direlako.
Hondarribiak lidergoari eutsi nahi dio bi estropada horietan, eta San Juanek eta San Pedrok koska bat gorago egin nahi dute. Aurreikuspenen arabera, eguraldi nahasia izango da bai larunbatean eta baita igandean ere, metro eta erdiko olatuekin.
Emakumeetan ez da egongo Euskotren ligako jardunaldirik. Bai, ordea, Gipuzkoako Ligakoa: Donostian arraun egingo dute San Juanek, Hibaikak eta Hondarribiak, bihar, 16:30etik aurrera, Donostiako Kontxako badian, herrialdeko ligaren hirugarren jardunaldian.
Getariako Txakolina sarien barruko bi mailetan ere bada lehiarik asteburuan. Bihar, 17:00etatik aurrera, Kaiarriba banderan parte hartuko du Hondarribia Bk KAE1eko estropadan. KAE2koak etzi bilduko dira, Donostian ere, 12:00etatik aurrera: Trintxerpe-Illunbek lidergotik kendu nahi du Orio B, eta San Pedro B eta Hibaika lan txukuna egiten saiatuko dira.