Isidoro Alonso (Pagoa): «Benetan honetan lan egin nahi dutenek, izena eman dezatela»
Pagoan DJ Txapelketa antolatu dute. Hilaren bukaerara arte eman daiteke izena dantzalekuan bertan. Sariak izango dira. Isidoro Alonso (Caceres, 1964) 10 urte zituela iritsi zen Errenteria-Oreretara. Lanean hasi zenetik, hainbat tabernatan aritu da. Eta duela bi urte eta zertxobait gehiago, Oiartzungo Pagoa dantzalekua alokatu zuen. Ordutik, DJ gazteei lanerako aukera ematea izan du helburu, eta orain, DJ Txapelketa antolatu du, gazteek gustuko dutena eginez bizitzeko lehen aukera izan dezaten. Zergatik antolatu duzue Pagoan DJ Txapelketa? Zertarako? Bi helburu nagusi ditu txapelketa horrek. Batetik, musika elektronikoa sustatu nahi dugu. Eta bestetik, gazteei aukera eman nahi diegu gustatzen zaiena egin dezaten. Gaur egun, gazte asko ez dira ateratzen lokaletatik, askok ez dute ilusiorik ezertarako ere, eta txapelketa honekin aukera izango dute gustatzen zaiena egiteko. Azken finean, musikaren kultura zabaldu nahi dugu, eta gazteak motibatu. Etzira arte eman daiteke izena, Pagoatik pasatuta, ezta? Azkenean, epea luzatu dugu. Izena emateko epea hilaren bukaerara arte uztea erabaki dugu. Pagoatik pasatu behar da, eta 20 euro ordaindu izena emateko. Dagoeneko zenbat animatu dira? Hainbatek eman dute izena. Oraintxe ez dut gogoan zenbat diren guztira, baina interesa agertu dute kanpoko disko jartzaileek ere. Gazteak behar dira, eta guk aukera emango diegu. Izan ere, Pagoan sekulako aukera dute. [...]
Pagoan DJ Txapelketa antolatu dute. Hilaren bukaerara arte eman daiteke izena dantzalekuan bertan. Sariak izango dira.
Isidoro Alonso (Caceres, 1964) 10 urte zituela iritsi zen Errenteria-Oreretara. Lanean hasi zenetik, hainbat tabernatan aritu da. Eta duela bi urte eta zertxobait gehiago, Oiartzungo Pagoa dantzalekua alokatu zuen. Ordutik, DJ gazteei lanerako aukera ematea izan du helburu, eta orain, DJ Txapelketa antolatu du, gazteek gustuko dutena eginez bizitzeko lehen aukera izan dezaten.
Zergatik antolatu duzue Pagoan DJ Txapelketa? Zertarako?
Bi helburu nagusi ditu txapelketa horrek. Batetik, musika elektronikoa sustatu nahi dugu. Eta bestetik, gazteei aukera eman nahi diegu gustatzen zaiena egin dezaten. Gaur egun, gazte asko ez dira ateratzen lokaletatik, askok ez dute ilusiorik ezertarako ere, eta txapelketa honekin aukera izango dute gustatzen zaiena egiteko. Azken finean, musikaren kultura zabaldu nahi dugu, eta gazteak motibatu.
Etzira arte eman daiteke izena, Pagoatik pasatuta, ezta?
Azkenean, epea luzatu dugu. Izena emateko epea hilaren bukaerara arte uztea erabaki dugu. Pagoatik pasatu behar da, eta 20 euro ordaindu izena emateko.
Dagoeneko zenbat animatu dira?
Hainbatek eman dute izena. Oraintxe ez dut gogoan zenbat diren guztira, baina interesa agertu dute kanpoko disko jartzaileek ere. Gazteak behar dira, eta guk aukera emango diegu. Izan ere, Pagoan sekulako aukera dute. DJentzat dena oso ondo prestatuta dago.
Izena emateko epea bukatuta, noiz jokatuko dute txapelketa?
Abuztuko eta iraileko ostiraletan. Irailean, gainera, finala jokatuko dugu. Ordubete edo ordu eta erdi inguru izango dute egiten dakitena erakusteko. Epaimahaiak puntuak emango dizkie, eta gehien gustatu zaizkigunak pasatuko dira finalera. Nik eta emazteak ere parte hartuko dugu epaimahai horretan. Gainera, sariak ere badaude, eta hori ere bada gazteak animatzeko beste arrazoi bat. Egia da guretzako negozioa ere badela, baina aukera ona da horretan lan egin nahi dutenentzat ere.
Zein sari jasoko dituzte?
Hiru sari daude, baina ez dira hirurak pertsona bakarrarentzat izango. Lehenengoa, hilabete batez gurekin geratuko da, eta larunbatero pintxatuko du musika. Jendeari gustatzen bazaio, jendea mugitzen badu, gainera, jarraitzeko aukera izango du. Musika jartzen ibilitako egun horietan, aretoak irabazitakoaren %50 jasoko du, eta Pagoaren urteurrenean, eta Urte Zahar Gauean ere pintxatuko du. Bigarren saridunak, bere egunean jasotakoaren %30 irabaziko du, eta Urte Zahar Gauean ere, gurekin egongo da. Hirugarrenak, azkenik %20a jasoko du, eta aukera izango du Gabon Gaueko festan pintxatzeko. Pagoak utziko dien musika ekipoa sekulakoa da, eta halako soinurik ez dute inon topatuko. Gainera, pintxatzen dauden gauean ez dituzte tragoak ordainduko, eta hori guztia 20 euroren truke izango dute. Gustatzen zaizkigunei, normalean, beste asteburuetarako ere deitzen diegu batzuetan.
Baina lehenengo txapelketa da, ezta?
Bai, hala da, baina askotan ematen diegu aukera gazteei Pagoan musika jartzeko. Ostiralak izaten dira horretarako eguna. Aurretik egon diren DJak horrela hasi ziren, Mikel Hierro, esaterako. Bera eta bere ingurukoak oso onak dira, eta Pagoan aritu dira urte eta erdi inguru. Kontua da, jendea beti gauza bera entzuteaz aspertu ere egiten dela, eta beste gauza batzuk eskatzen dituela. Hala, guk ere jende berria topatu behar dugu, jendearen eskaerei erantzuteko. Hala ere, joan direnek asko lagundu gaituzte, eta salarekin eta gurekin elkarlanean jarraitzen dute. Orain gertatzen zaiguna da jende askok esaten duela pintxatzen duela, baina azkenean beti jendea falta da.
Kanpokoetara jo behar duzue?
Bai, kanpotik etortzen dira DJak askotan Pagoara. Etxekoak ez dira hainbeste. Eta guk hori nahi dugu, etxekoei aukera eman. Azken finean, etxekoak onak badira, zertarako ekarri beste norbait? Hemengoen aldeko apustua egin nahi dugu. Musika elektronikoak geroz eta jende gehiago mugitzen du, horixe da geroz eta gehiago entzuten dena, eta halako gehiago egin beharko lirateke.
Musika eletronikoaz ari garela, eta Hierro aipatuta, biharko ekimen bat antolatu dute Errenteria-Oreretako Kabia Espazio Kreaktiboan….
Oso oso ondo iruditzen zait halako ekimenak antolatzea. Jendea aspertuta dago beti berdina egiteaz, eta halakoak ere antolatu behar dira. Jendea herrira erakartzeko modu bat ere bada.
Anima ezazu jendea Pagoako txapelketan parte hartzera…
Halako aukerarik ez dutela izango esan nahi diet. Benetan honetan lan egin nahi dutenek, izena eman dezatela. Izan ere, aukera izango dute tresna onekin lan egiteko, eta egiten dakitena jendeari erakusteko. Horrez gain, ikasiko dute dena ez dela musika, jendea entzun behar dela. Eta gogorarazi nahi dut Pagoako ateak irekita daudela nahi duenak kontzertuak eta halakoak antolatzeko. Ekimen berriak aurrera eramateko prest gaude.

