Sanferminen traka piztu da
Atzo arratsean hasi ziren sanferminak Antxon; gaur, haurrak izango dira jaietako protagonista nagusiak. Ez Iruñean, eta ez Lesakan… Antxon dago traka, dio Antxoko sanferminetako sona handiko elastiko batek. Eta trakaren burrunba atzotik antzun daiteke Antxon inguruan. 20:00ak puntuan lehertu zuen jaien hasierako suziria Juanjo Bujandak, ohi bezala, puru zarrak lagunduta. Suziria Oier Iribarren eskalatzaileak igo zion elizaren kanpandorreraino. Bitartean, antxotarrak, Gure Zumardian pilatuta zauden, zapi gorriak lepora lotzeko zain, eta aurtengo jaien aurkezpen ekitaldira begira. Suziriak eztanda egitearekin batera, xanpainaren zorrotadekin zipriztindu eta jaien hasiera ospatzen hasi ziren antxotarrak, bandaren doinuak lagunduta. Gaur, txikiak agintean Lehen eguneko parrandaren ajeak gainditu, eta gaur, Haurren Eguna ospatuko dute Antxoko sanferminetan. Leire Maiak eta Adrian Canok hartuko dute herriko aginte makila alkatearen eskutik, eta beren aginduetara izango dira antxotarrak eguerditik gauera. Patata tortilla eta xake txapelketak, bazkaria, dantzaldia, puzgarriak, jolasak.. guztiak herriko txikienengan pentsatuta eta Tratu ona nahi dut, pasa hitza kanpainaren barruan antolatuta. Bigantxak ere izango dituzte, arratsean, Luzuriagan. Martin eta Silveira Basari elkartean bertso afaria antolatu dute gaurko, Alaia Martin eta Xabier Silveirarekin. Oraindik bada txartela eskuratzerik, 15 eurotan, Mimos, Kamio, Kurlinka eta Leunda tabernetan. DVDa Oharra. 2012ko Sanferminetako aldizkariarekin batera, DVD bat argitaratu du Jai Batzordeak 1984 eta 1985eko jaietako [...]
Atzo arratsean hasi ziren sanferminak Antxon; gaur, haurrak izango dira jaietako protagonista nagusiak.
Ez Iruñean, eta ez Lesakan… Antxon dago traka, dio Antxoko sanferminetako sona handiko elastiko batek. Eta trakaren burrunba atzotik antzun daiteke Antxon inguruan.
20:00ak puntuan lehertu zuen jaien hasierako suziria Juanjo Bujandak, ohi bezala, puru zarrak lagunduta. Suziria Oier Iribarren eskalatzaileak igo zion elizaren kanpandorreraino. Bitartean, antxotarrak, Gure Zumardian pilatuta zauden, zapi gorriak lepora lotzeko zain, eta aurtengo jaien aurkezpen ekitaldira begira.
Suziriak eztanda egitearekin batera, xanpainaren zorrotadekin zipriztindu eta jaien hasiera ospatzen hasi ziren antxotarrak, bandaren doinuak lagunduta.
Gaur, txikiak agintean
Lehen eguneko parrandaren ajeak gainditu, eta gaur, Haurren Eguna ospatuko dute Antxoko sanferminetan.
Leire Maiak eta Adrian Canok hartuko dute herriko aginte makila alkatearen eskutik, eta beren aginduetara izango dira antxotarrak eguerditik gauera. Patata tortilla eta xake txapelketak, bazkaria, dantzaldia, puzgarriak, jolasak.. guztiak herriko txikienengan pentsatuta eta Tratu ona nahi dut, pasa hitza kanpainaren barruan antolatuta. Bigantxak ere izango dituzte, arratsean, Luzuriagan.
Martin eta Silveira
Basari elkartean bertso afaria antolatu dute gaurko, Alaia Martin eta Xabier Silveirarekin. Oraindik bada txartela eskuratzerik, 15 eurotan, Mimos, Kamio, Kurlinka eta Leunda tabernetan.
DVDa
Oharra. 2012ko Sanferminetako aldizkariarekin batera, DVD bat argitaratu du Jai Batzordeak 1984 eta 1985eko jaietako irudiekin. Hainbat ale, ordea, oker atera dira. Hori zuzentzearren, akatsa duen DVDa salmenta tokira eramateko eskatu dute. Kaltetutakoei datozen asteetan emango diete DVD egokia.
Gaurko egitaraua, Haurren Eguna
10:00. Barruti arteko haurren futbito-lehiaketaren finalerdiak Usozen.
11:00. Puzgarriak zumardian.
12:00. Tratu ona nahi dut, pasa hitza! udal kanpainaren barruan, haurrentzako tortilla-txapelketa eta Valentin Garciaren omenezko xake- txapelketa Zumardian. Ondoren, alkate txikien izendapena. Segidan, erraldoi eta buruhandiak, eta xake eta tortilla txapelketetako sari banaketak.
14:00. Haurren herri bazkaria.
16:00. Puzgarriak zumardian.
18:00. Denok dantzara Alkartasunarekin Zumardian.
18:00. Haur jolasak.
19:00. Buruhandi eta erraldoiak.
19:00. Toka txapelketa Kupeldegin.
19:30. Dultzainarien alardea Azokan.
20:00. Txikientzako bigantxak Luzuriagan.
20:00. Helduentzako bigantxak Luzuriagan.
19:00. Iñigo Perurenarekin Berbena Biteri plazan..
21:00. Karlos DJa Axularren.
21:30. Bertso afaria zumardian Alaia Martin eta Xabier Silveirarekin.
23:00. Kontzertua gaztetxean. Kakahuete eta Hotzikarak.
23:00. Itsusien Munduko IX. Txapelketa feriak diren tokian.
00:30. La Pop-Lla, Incognita eta Jamerlay taldeen Kontzertua Azokan.
Oharra. Egitaraua osorik http://oarsobidasokojaiak.hitza.info/ webgunean.
Iñaki Ruiz, ‘Peri’, Basariko kidea: «Puntako kirolarien ordez puntako antxotarrak ariko dira herri kiroletan»
Iñaki Ruiz Peri, (Pasai Antxo, 1981) Basari elkarteko kidea da. Bera ibili da, besteak beste, elkarteak larunbaterako antolatu dituen koadrilen arteko herri kirolen antolakuntzan.
Basari elkarteak urte asko zituen herri kirolak antolatzen San Fermin Egunez. Aurten formatoa aldatzea erabaki duzue. Zergatik?
Gehien bat, jai batzordearen aurrekontuan murrizketak izan direlako. Krisiak batetik eta kudeaketa txarrak bestetik, eragina izan dute aurrekontuan, eta horrek jai batzordeak antolatzen dituen ekintza guztiak birplanteatzera eraman gaitu. Horrez gain, irizpide batzuk ere lehenetsi genituen jai batzordean, tartean partaidetzarena. Ekintza parte hartzaileak bultzatu nahi izan ditugu.
Eta aurten ohiko herri kirolen ordez, koadrilen arteko herri kirolak antolatzea erabaki duzue, ezta?
Bai. Basarik antolatutako herri kiroletan puntako kirolariak aritu izan dira urtero eta horrek kostu handia zuen. Aurten puntako kirolarien ordez, puntako antxotarrak ariko dira herri kiroletan.
Proposamen berriak zer moduzko harrera izan du herrian?
Oso ona. Sei talde ariko dira lehian, eta talde bakoitzeko sei neska eta sei mutil. Berdintasuna lortze aldera hasieratikezarritako irizpidea izan da, eta kontent gaude, lortu egin dugulako. Xiban halako lehiak antolatzen lan egiten duen elkarteko kide baten laguntzaz antolatu ditugu jolasak. Aurten lehenbiziko urtea izanik, nahikoa joko lasaiak egingo ditugu.
Zein jolas egin beharko dituzte?
Sokatira, Auzolana –auzolanaren barruan lau joko egin beharko dituzte; zakuak eraman, lokatxak, trontza eta txingak–, Egur Pila,–nahiko joko dibertigarria– harri jasotzea eta ingudea.
Basari elkarteak bere harri propioa du, eta urtero atera izan du San Fermin egunez, harrijasotzaileek altxa zezaten. Aurten ere hala izango al da?
Ez. Gaia mahai gainean izan da, baina kontuan hartuta harriak duen pisua, aukera hori baztertzea erabaki dugu.
Non eta noiz da zita?
Larunbatean, 18:00etan, Gure Zumardian.


