
San Pedro eta San Martzial jaiak ahalik eta gehien luzatu nahian, milaka irundar hurbildu da gaur goizean Urdanibia plaza eta inguruetara, Baserritar Eguna ospatzeko. Tarteka euria bota badu ere, denbora gehienean zerua lagun izan du festak. Lehen orduan tabernariak kexu ziren garai batean baino askoz ere jende gutxiago zegoelako, baina pixkanaka-pixkanaka hasi da jendea Moskura gerturatzen. Hori bai, duela hamar urte inguruko giroarekin zerikusirik ez: jende heldua eta gurasoak haurrekin; oso zaila izan da gazte bat ikustea, eta duela urte gutxira arte jaietako egunek gogokoenetakoa zen gaurkoa, baita gazteentzat ere. “Ez San Pedro, ezta uztailaren 1a. Alarde Egunerako erreserbatzen dira eta gainontzeko egunetan desagertzen dira”, zioen Peña kaleko ostatu bateko tabernariak. Ez da jendea aldatu den gauza bakarra. Baserriko giroa bazegoen gaur goizean, baina askok faltan bota dute lehengo barazki eta fruta azoka, baita animali gehiago ikusteko aukera ere, esne behietara mugatu baita gaurko erakustaldia: behiak ikusteko eta behiak aukeratzeko. Abere lehiaketa baino dezente animatuagoa izan da plazaren beste aldeko egitaraua. Trikitilariak aurrena, bertsolariak ondoren —bi saioetan—, eta herri kirolak tartean. Giro bikaina egon da beti heziaren inguruan. Herri kirol probetan ez da emoziorik falta, eta, sona handiko kirolariren parte hartzerik gabe, programa bariatua aukeratu dute antolatzaileek: aizkora lana —lurrean [...]