Kantu Poteoa, estreinaldiarekin
Hondarribiko herritar talde batek euskara eta euskal kantagintza bultzatzeko ekimena egingo du bihar Udalak antolatzen duen Kalean Kantuz ekimena ekainean ez zela egingo ikusita, herritar talde batek erabaki du, bihar, 12:00etatik aurrera, Kantu Poteoa...
Hondarribiko herritar talde batek euskara eta euskal kantagintza bultzatzeko ekimena egingo du bihar
Udalak antolatzen duen Kalean Kantuz ekimena ekainean ez zela egingo ikusita, herritar talde batek erabaki du, bihar, 12:00etatik aurrera, Kantu Poteoa egitea. Azeri elkartearen parean bilduko dira abestu nahi duten guztiak. Ekimena hondarribiar guztiei zabalik dago. «Euskal abestiak gustuko ditugu, eta euskal kantutegia babestu eta zabaldu nahi dugu, gure helburu nagusia euskara bultzatzea delako. Horregatik bilduko gara», esan du Kattalin Nobliak, antolatzaileetako batek.
Kalez kale eta tabernaz taberna ibiliko dira kantariak bihar eguerditik aurrera, Portu auzoan. Lehenengo ekitaldia izango da biharkoa. «Esperientzia nola ateratzen den ikusiko dugu, eta horren arabera agian aurrerantzean errepikatuko dugu. Gauzak antolatu nahi ditugu, jendeak eskatzen baititu, eta horrelakoak garatzeko aukera badago. Elkarte bat sortzeko lanean ari gara», esan du Nobliak.
Lehen egunean, gainera, estreinaldia egingo dute. Don Martin Iturbe Hondarribiko erretore izandakoak egin zuen Arraunlariak abestia kantatuko dute lehenengoz herrian zehar. Josetxo Silgero musikari irundarrak musikatu zuen kantua. Honakoa da kantuaren letra:
Arraunlariak!
Ur garbietako ibiltariak!
Amets zurizko itsasoan erneak!
Hondarribiko, arraunlariak!
Irrintzi berrizko izarrak!
Ur zelaietan norgehiagoka,
lur legorrean adiskide.
Herri osoa ameslari da
arraunlarien besotan.
Arraunlaria!
Goiz sentiaren albistaria;
egun berri sortua zaio
arraunlariek piztua duten herriari

