Prozesuaren aldeko arraunkadak
Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrenaren harira, eta bake prozesuari keinua eginez, zeharkaldia antolatu du Albaolak, Causeway Coast Maritime Heritage elkarte irlandarrarekin. Gernikako Bakearen Museotik Donostiara, Aieteko Bakearen Etxera. Horixe euskaldun eta irlandar arraunlariez osatutako 25 laguneko eskifaiak uztailaren hasieran osatuko duen itsas zeharkaldiaren ibilbidea. «Euskal Herrian bake garai honi bultzadatxo bat emateko asmoz» antolatu du Albaolak bake nabigazioa, Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrenarekin bat eginez. Atzo aurkeztu zuten ekimena, Albaolak San Pedroko Ondartxon duen Itsas Interpretazio Zentroan. Albaolako buru Xabier Agotek aditzera eman zuenez, Ipar Irlandako Causeway Coast Maritime Heritage elkartearekin batera antolatu du Albaolak nabigazioa. Izan ere, bi elkarteek 2003az geroztik ezagutzen dute elkar. Orduan, Navigating Peace egitasmoan parte hartu zuten bi elkarteek. Bakea aldarrikatzeko Irlanda nabigatuz inguratu zuten orduan, sei aste iraun zuen itsas zeharkaldian. Albaolak eredugarritzat du esperientzia hura, eta orduz geroztik, elkarteari naturala zaion itsas ondarearen berreskuratze lanari, «bestelako balio erantsia» gehitu nahi izan diote, halako ekimenetan parte hartuz. «Bakea eta adiskidetzea aldarrikatu nahi ditugu, guztiok batera norabide berean arraun eginez», esan zuen Agotek. Bi ontzi erabiliko dituzte nabigaziorako: Arditurri eta Ameriketatik. Bi ontzietan, Euskal Herriko eta Ipar Irlandako arraunlariak ariko dira bogan, nahasturik, eta horien artean bi gonbidatu berezi izango dira: Andoni Egaña eta Amets Arzallus bertsolariak. [...]
Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrenaren harira, eta bake prozesuari keinua eginez, zeharkaldia antolatu du Albaolak, Causeway Coast Maritime Heritage elkarte irlandarrarekin.
Gernikako Bakearen Museotik Donostiara, Aieteko Bakearen Etxera. Horixe euskaldun eta irlandar arraunlariez osatutako 25 laguneko eskifaiak uztailaren hasieran osatuko duen itsas zeharkaldiaren ibilbidea. «Euskal Herrian bake garai honi bultzadatxo bat emateko asmoz» antolatu du Albaolak bake nabigazioa, Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrenarekin bat eginez. Atzo aurkeztu zuten ekimena, Albaolak San Pedroko Ondartxon duen Itsas Interpretazio Zentroan.
Albaolako buru Xabier Agotek aditzera eman zuenez, Ipar Irlandako Causeway Coast Maritime Heritage elkartearekin batera antolatu du Albaolak nabigazioa. Izan ere, bi elkarteek 2003az geroztik ezagutzen dute elkar. Orduan, Navigating Peace egitasmoan parte hartu zuten bi elkarteek. Bakea aldarrikatzeko Irlanda nabigatuz inguratu zuten orduan, sei aste iraun zuen itsas zeharkaldian.
Albaolak eredugarritzat du esperientzia hura, eta orduz geroztik, elkarteari naturala zaion itsas ondarearen berreskuratze lanari, «bestelako balio erantsia» gehitu nahi izan diote, halako ekimenetan parte hartuz. «Bakea eta adiskidetzea aldarrikatu nahi ditugu, guztiok batera norabide berean arraun eginez», esan zuen Agotek.
Bi ontzi erabiliko dituzte nabigaziorako: Arditurri eta Ameriketatik. Bi ontzietan, Euskal Herriko eta Ipar Irlandako arraunlariak ariko dira bogan, nahasturik, eta horien artean bi gonbidatu berezi izango dira: Andoni Egaña eta Amets Arzallus bertsolariak. Bi bertso saio eskainko dituzte, lehenbizikoa Gernikan, eta bigarrena, Donostian, ekimenaren esperientzia hizpide hartuta.
Espedizioa uztailaren 3an abiatuko da Gernikatik, 17:00ak inguruan. Handik Mundakarantz joango dira, eta han emango dute lehen gaua. Uztailaren 4an, itsas zeharkaldian joango dira Getariaraino, eta azkenik, uztailaren 5ean, Getariatik Donostiako portura joango dira, han lehorreratu eta kalejiran Aieteko Bakearen Etxeraino joateko, «Bixi-Bixiko joaldunak, trikitilariak, eta nahi duen orok lagunduta».
Aipatutakoak nabigazio ofizialerako datak dira, baina irlandarrak aurretik iritsiko dira Pasaiara, hilaren bukaera aldera, eta itsasoz Pasaiatik irtengo dira, hilaren 30ean. Mutrikura joango dira lehenik, handik Bermeora eta ondoren marea biziak baliatuz, Urdaibaitik gora abiatuko dira, Gernikaraino, han espedizioari hasiera ofiziala emateko.
‘Ameriketatik’ eta ‘Arditurri’
Bi ontzi erabiliko dituzte Gernikatik Donostiarako bakearen aldeko nabigazioan: Arditurri eta Ameriketatik. XIX. mendeko euskal arrantza ontzi tradizional baten erreplika da Arditurri, Donibaneko Ontziola Itsasontzi Tradizionalen Ikerketa eta Eraikuntza Zentroan 2004an eraikitakoa. Ameriketatik, berriz, XIX. mendeko arrantza traineru baten erreplika da. Ameriketako Estatu Batuetako ontzigintza eskola batean eraiki zuen Albaolak, 1998an, hango euskaldun eta euskal etxe askoren babesarekin; hortik Ameriketatik izena. New Yorkeko Manhattaneko Itsas Museoan putzuratu zuten ofizialki, eta gero, euskal diasporak Euskal Herriari oparitutako trainerua da Ameriketatik. Orduz geroztik, traineruak Euskal Herria ordezkatu du hamaika ekimenetan.


