Ainhoa Zabalo: “Termikoaren eremua herriari itzuli behar dio Iberdrolak”
Urtebete darama alkate karguan Ainhoa Zabalok (Lezo, 1974). Epe horretan guztian «guztien gustukoak ez diren erabakiak» hartu dituztela onartu du, baina “arduraz” jokatu dutela esan du. Datozen erronkei ere gogoz helduko die Zabalok zein gobernu taldeak. Zein balantze egiten duzu legealdiaren lehenengo urtebetea pasatu ondoren? Balorazio oso positiboa egiten dugu. Egia da erabaki gogorrak hartu ditugula, baina azkenean arduraz jokatu dugu, egin beharrekoak egin dutugu. Sartu eta berehala lau administrarien lan eskaintza publikoa egin genuen, eta orain probatan ari dira. Udalaren funtzionamenduari dagokionez, hilero sailetako buru diren teknikariekin bilerak egiten ditugu. Oso garrantzitsua da, bestela badirudi sail bakoitzak bere aldetik funtzionatzen duela. Herritarrei zerbitzu ona emateko, eta ez mareatzeko, koordinatuta egoteko egiten dugu. Horrez gain, beste hainbat ordenantza ere aurrera eraman ditugu: terrazak, gazte lokalak, hilerria, merkatu txikia eta ura. Orain arte egin ditugun ordenantzak arau zaharkituak eguneratzeko izan dira. Arautzea izan da, gehienbat. Agintaldi hasieran azaldu zenuten udalaren egoera ekonomikoa txarra zela, eta herritarrei jakinarazi zenieten hori. Neurri batzuk hartu zenituzten horren harira, udaltzainen gaueko zerbitzua kentzearena kasu. Azaroan esan genuen zer zen guk pentsatzen genuena —uztailean jada udaltzainekin bildu ginen, egoera azaltzeko—. Orduan ez zen ezer ere ez entzun, ezta abenduan… Arazoa urtarrilean etorri zen, jendea [...]
Urtebete darama alkate karguan Ainhoa Zabalok (Lezo, 1974). Epe horretan guztian «guztien gustukoak ez diren erabakiak» hartu dituztela onartu du, baina “arduraz” jokatu dutela esan du. Datozen erronkei ere gogoz helduko die Zabalok zein gobernu taldeak.
Zein balantze egiten duzu legealdiaren lehenengo urtebetea pasatu ondoren?
Balorazio oso positiboa egiten dugu. Egia da erabaki gogorrak hartu ditugula, baina azkenean arduraz jokatu dugu, egin beharrekoak egin dutugu. Sartu eta berehala lau administrarien lan eskaintza publikoa egin genuen, eta orain probatan ari dira.
Udalaren funtzionamenduari dagokionez, hilero sailetako buru diren teknikariekin bilerak egiten ditugu. Oso garrantzitsua da, bestela badirudi sail bakoitzak bere aldetik funtzionatzen duela. Herritarrei zerbitzu ona emateko, eta ez mareatzeko, koordinatuta egoteko egiten dugu. Horrez gain, beste hainbat ordenantza ere aurrera eraman ditugu: terrazak, gazte lokalak, hilerria, merkatu txikia eta ura. Orain arte egin ditugun ordenantzak arau zaharkituak eguneratzeko izan dira. Arautzea izan da, gehienbat.
Agintaldi hasieran azaldu zenuten udalaren egoera ekonomikoa txarra zela, eta herritarrei jakinarazi zenieten hori. Neurri batzuk hartu zenituzten horren harira, udaltzainen gaueko zerbitzua kentzearena kasu.
Azaroan esan genuen zer zen guk pentsatzen genuena —uztailean jada udaltzainekin bildu ginen, egoera azaltzeko—. Orduan ez zen ezer ere ez entzun, ezta abenduan… Arazoa urtarrilean etorri zen, jendea konturatu zenean ez zela gaueko zerbitzurik egongo. 350 sinadura bildu zituzten. Kezka hori ikusita, gaia behar bezala jorratzea erabaki genuen. Herritarrei deia egin genien elkarrizketa bat zabaltzeko, gaia argitzeko: zalantza asko zeuden, txutxumutxu asko… Webgunean jarri genuen batzarrerako deia, sotoetan, tabernetan, baina zortzi herritar azaldu ziren. Hori eginda, gauza baretu dela dirudi. Ertzaintzarekin kontaktua dugu, eta intzidentzia kopurua ez da igo. Sentsibleak izan daitezkeen uneetan badago gaueko zerbitzua.
Musika eskolan ere izan ziren murrizketak…
Hor arazoa gurasoen kezka izan zen gehienbat. Eurekin bilera egin genuen, informazioa emateko. Batek baino gehiagok eskerrak eman zizkigun kontatu genielako. Kontua zen Lezoko musika eskolak izan zuela egoera pribilegiatu bat, legeak ezartzen dituenaz gain, beste hainbat ordu eman izan dira. Oso ondo dago, eta gustatuko litzaidake hori beti horrela izatea.
Musika eskolaren %33 Eusko Jaurlaritzak ordaintzen du, beste herena udalak eta gainontzekoa tasen bidez lortzen da. Aurreko urteetan tasen bidez ez da inoiz helburua bete, eta udalak ordaindu du. Momentu onetan egin dezakezu, eta harro gainera, baina dirua falta denean, pixka bat kendu behar da. Irakasleen kasuan, hobeto zeudela lehen? Bai. Baina orain ere egoera onean daude. Guraso askok beste modu batera ulertu zuten. Esaten zuten guri bost axola zitzaigula musika eskola. Ez da horrela. Errealitatera begiratu behar da, eta erratioak finkatu. Hori egin genuen.
Murrizketak mendekosteetara iritsi ziren ere, baina eragileek oso ondo erantzun zuten, ezta?
Bai. Oso pozik gaude lortutako arrakastarekin eta eragileek egin duten lanarekin. Azken finean, lana eurena da. Parte hartze handiagoa izan dute. Ikusi dute gauzak elkarrekin egin behar direla. Jai batzordearen lana oso ona eta eskertzekoa da.
Arlo ekonomikoan ere, hobari taula berria egin da.
Bai, eta esfortzu berezia egin genuen bertan informazioa herritarrengana irits zedin: bandoak jarri genituen, diptiko bat argitaratu genuen, webgunean jarri genuen, herriko hainbat eragilerekin jarri ginen harremanetan…
Ingurumenean, hainbat ekintza egin ditu udalak. Herri baratzeena hor dago.
Udalak egindako proiektuak aurrera jarraitzen du. Kutxako Ekogunerekin aurre hitzarmena sinatu genuen, finantzazioa lortzeko. Araudia landu genuen, eta jendaurrean egon da. Udazkenerako martxan egotea espero dugu.
Zertarako sortu duzue proiektu hori?
Alternatiba bat da. Herritarrek bere baratzetxoa edukitzeko aukera dute, ekologikoa izango da eta herritarren arteko harremanak sendotzen dira hor. Gainera, osasuntsua da, inolako produktu kimikorik gabekoa.
Bioaniztasunean ere inbertitu du udalak.
Bai, Bakarraiztegin, Altamiragainen eta Jaizkibelen. Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso zuen udalak. Altamiragainen sare elektrikoa lurperatu zen, eta Jaizkibelen basoak hobetzeko ekimenekin jarraitzen dugu. Hala ere, oraindik ere Bakarraiztegi errekako kutsadura konpontzen saiatzen ari gara.
Hirigintza arloan zein erronka ditu udalak?
Olatzar eta Isasti parkeen artean 120 etxebizitza egingo dira. Aralar kalean, berriz, aldaketa bat egin behar dugu. Etxe adosatuak izan beharrean, bloke txikiak egingo ditugu. Bestalde, Campsa eremuari dagokionez, Caixa eta Banestoren eskuetan dago, eta egungo egoera ikusita, oso zaila dago. Errenteriako Udalarekin hitz egin dugu, ea zer egiten dugun, baina ez dago udalen esku…
Gaintxurizketako hirukiaren egoera zein da?
Gaur egun lursail hori ez-urbanizagarri moduan sailkatuta dago. Ez dago beste dokumenturik, ez ezer ere ez… Ez dakigu ezer.
Iberdrolak zentral termikoa ixteko eskaera egin du. Pasaiako zein Lezoko udalek lurrak itzultzeko eskatu dituzte. Zein asmorekin?
Beno, erabakia Espainiako Industria Ministerioaren esku dugu. Baina gure aldetik, herriaren lurrak herriari bueltatzeko eskatu dugu. Termikoan langile askok egiten dute lan, eta horiek errespetatzeko eskatzen diogu Iberdrolari, euren egoerari irteera duina emateko. Albiste horrek guztiok sorpresaz hartu gaitu, egia esan. Guk lurrak eskatu ditugu lehendabizi, eta gero erabakiko dugu denen artean zer egin. Ziur ideia pila bat sortuko direla…
Hondakinen atez ateko bilketa sistema ezartzea erabaki duzue. Zergatik?
Lezo da San Marko Mankomunitatetik gutxien birziklatzen duen udalerria: %27,82. Atez atekoarekin %80 izatera irits daiteke. Iruditzen zaigu astakeria bat egiten ari garela. Lehengaiak botatzen ari gara, eta gainera horregatik ordaintzen ari gara. Birziklatu eta toki egokietan salduz gero, dirua jasoko genuke, gainera.
Egungo egoera ez da jasangarria munduarentzat. Saiatu behar da murrizten lehendabizi. Ondoren, berrerabiltzen, eta hori ezin bada egin, birziklatzera jo behar dugu. Eta horretarako sistemarik onena atez atekoa da, gustatu ala ez gustatu. Emaitza berbera lortzen duen beste sistemaren bat balego, onartuko genuke. Ez dugu astoek bezala egin nahi, hau hartu eta aurrera. Guk %80 birziklatu nahi dugu.
Baina atez atekoarekin zabortegiak ireki egin beharko lirateke?
Bai. Grazia egiten dit orain zabortegietara joaten den hondakinen %70 horrek kezkatzen ez duen jendea, baina bai atez atekoarekin joango litzatekeen %20 hori kezkatzen dituztenak. Egun zabortegietara botatzen denaren %45 organikoa da, horrek sortzen duen kutsadurarekin. Konpostatzen badugu, arazoaren %45 kenduko dugu. Horrez gain, orain kontzientzia duten herritarrek bakarrik birziklatzen dute, beharrezkoa ez delako. Dena birziklatuko balitz (pardelak barne), %10 bakarrik geratuko litzateke. Horren inguruan datu faltsu asko ematen dira, desinformazio asko dago, ezjakintasuna… Informatu ondoren, konbentzituta nago herritar gehienek atez atekoaren aldeko apustua egingo dutela. Lezon kontsumo arduratsuaren azoka zein bigarren eskukoak antolatzea norabide horretan pentsatuta daude.