Gerrikoa aldatzeko azterketak egin dituzte Honbun
75 kirolarik parte hartu dute azterketetan, eta horietako asko izan dira gerriko marroia lortzeko proban Joan den hilaren 10ean, gerrikoa aldatzeko azterketak egin zituzten Honbu Japoniar Zentro Kulturalean. Bertan, adin guztietako 75 kenshi (kenpoa pr...
75 kirolarik parte hartu dute azterketetan, eta horietako asko izan dira gerriko marroia lortzeko proban
Joan den hilaren 10ean, gerrikoa aldatzeko azterketak egin zituzten Honbu Japoniar Zentro Kulturalean. Bertan, adin guztietako 75 kenshi (kenpoa pratikatzen duten pertsonak) elkartu ziren, azterketa egiteko.
Honbuko arduradunek jakinarazi dutenez, beste behin, kirolariek erakutsitako maila oso altua izan zen. Eta kenshi asko izan ziren gerriko marroia lortzeko azterketan (gerriko beltzaren aurrekoa da marroia).
Iturri horren arabera, kenpoan egiten den azterketa edo maila aldaketa bakoitza oso garrantzitsua da: «Horrek esan nahi du, mailaz igotzen dena prestatuta dagoela ezagutza maila altuagoan jarduteko, ezagutza gehiago lortzeko. Izan ere, kenpoa ez da ostikoak eta ukabilkadak ematea bakarrik».
30 urteko ibilbidea
Oiartzunen duela 30 urte hasi ziren kenpoa praktikatzen. Eta Honbuko arduradunek nabarmendu dutenez, oraindik ere, oiartzuarrek erakusten jarraitzen dute erreferente bat direla kirol horretan: «Urteak daramatzate oiartzuarrek kenpoa praktikatzen, maila altua erakusten, eta belaunaldiz belaunaldi transmititzen. Gozatu egiten dute kirol honekin, eta orain ere baditugu kasuak, non aiton-amonek, gurasoek zein bilobek praktikatzen duten».


