Langabezia jaitsi egin da Bidasoan, igo, berriz, Oarsoaldean
Apiriletik maiatzera 63 pertsonatan jaitsi da langabezia Bidasoan, eta 30etan hazi Oarsoaldean. Bidasoa Bizirik-ek eman dituen datuen arabera, maiatzaren 31n 5.893 langabe zeuden Bidasoan (%15,25eko tasa) eta 5.309 Oarsoaldean (%15,04). 2011ko maiatzaren bukaerako datuekin alderatuta, Irunen eta Hondarribian bi langabe gutxiago daude, eta Oarsoaldean, berriz, 428 gehiago.
Gipuzkoako eskualdeen artetik langabezia tasa altuena duena da Bidasoa, eta bigarren postuan Oarsoaldea dago. Zerrenda horretako hirugarrena Deba Barrena da (%14,14). Langabezia tasarik txikiena dutenak, ordea, Debagoiena (%10,49) eta Urola Kosta (%11,30) dira. Herrialdean, denera, 45.337 pertsona daude lanik gabe (iazko maiatzaren bukaeran 42.837 zeuden), eta tasa %12,92koa da. Hau da, urtebetean %5,84an igo da langabeen kopurua Gipuzkoan.