Mikel Arruabarrena, Eider Perez eta June Ugalde aurtengo "Urruzunotarrak"
Eskualdeko hiru idazle gazte horiek nabarmendu dituzte aurten Eusko Jaurlaritzaren Urruzunotarrak gehituz egitasmoan.
Mikel Arruabarrena Larrarte hondarribiarra, Talaia BHI zentrokoa, Poesia A sailean izan da aukeratua Gorritik morera lanari esker; Eider Perez Martinez pasaitarra, Santo Tomas Lizeoa LHBHIP zentrokoa, hau ere Poesia A sailean, Zoramena ez bada lanari esker; eta June Ugalde Pikabea lezoarra, Lezoko BHI ikastetxekoa, Prosa B sailean, Askatasun egarriz lana aurkeztuta.
Guztira 23 lan aukeratu dituzte aurten Urruzuno lehiaketatik “Urruzunotarrak gehituz: 2012ko aipamenduak” izena hartzera igaro den den literatur programan. Aurten egoera ekonomiko zailak hala behartuta, sariketa izaera galduta programa formatuan dator Urruzunotarrak gehituz.
Gainontzeko aipamendunak (aurten hala deitu diete saridunei) Urretxu, Morga, Donostia, Oinati, Arrigorriaga, Burlata, Beasain, Elgoibar, Santurtzi, Gernika-Lumo, Ondarroa, Ordizia, Gasteiz, Mallabia eta Arteako idazleak dira.
Aipamendunek lau eguneko egonaldia izango dute sari gisa irailean, Lemoizko aterpetxean, literatura giroan. Idazle baten gidaritzapean literatura-tailerrak eta euskal idazleei lotutako txangoak izango dituzte.