Herrirak Euskal Herriko plaza guztiak bete nahi ditu, preso gaixoak eta kondena betea dutenak askatzeko eskatuz, eta eurak Euskal Herriratzeko aldarrikatuz. Oarsoaldean eta Bidasoan ez da ekitaldirik faltako.
Oarsoaldeko eta Bidasoko Herrirako kideek etzi plazak betetzeko deialdia luzatu diete herritarrei.
Plazak betetzea. Hori da Herrira mugimenduak etzirako jarri duen erronka. Euskal preso politikoen eskubideak aldarrikatzeko Euskal Herri osoko 200 plaza baino gehiago bete nahi dituzte.
Pasa den urtarrilaren 7an Bilbon Kolosala izango da lelopean milaka eta milaka lagun bildu ziren. Herriraren arabera, «historikoa» izan zen manifestazio hori, eta ordutik aurrera hainbat alderdi politikok presoen auziarekiko «jarrera berriak» hartu dituztela ziurtatu dute. «Begi bistakoa da egungo kartzela politikak ez duela sostengu politiko ez sozialik», esan du Herrirak.
Hala ere, «garai berri honetan» Espainiako eta Frantziako gobernuek jarrerarik aldatu ez dutela salatu dute. Estatuak mugiarazteko ekimenak egiten ari dira, eta nazio mailan lehena izango da Goazen Plazara.
Oarsoaldean eta Bidasoan jadanik prestatuta dituzte etzi egingo dituzten ekitaldiak. Txarli Garcia eta Eneko Lasaga Errenteria-Oreretako Herrirako bilgunean dabiltza lanean, eta Jone Eizmendi Hondarribikoan. Lasagak adierazi duenez, Errenteria-Oreretan egingo den ekimenaren helburua 13:00etan argazki erraldoi bat egitea da, «ahal den jendetsuena».
Motorrak berotuz
Horretarako, baina, lehendabizi ekitaldi ugari antolatu dituzte Gamon Zumardian. «Pintxoak, erakusketak, sinadura bilketak, dantzariak, bertsolariak… hainbat gauza egingo ditugu lehenago, gune moduko bat sortu, eta 13:00etan inflexio puntua izateko asmoz». Errenteria-Oreretakoa ez da salbuespena izango. Izan ere, Oarsoaldeko zein Bidasoko herrietan ez dituzte elkarretaratze puntualak egingo.
Hondarribiko egitaraua azaldu du Eizmendik. Kai Zaharrean egingo dute ekitaldi nagusia, baina hiru zutabetan iritsiko dira bertara: «Amutetik txirrindaz, patinez edo nahi den bezala abiatuko dira batzuk. Oinez, berriz, San Pedroko Azken Portutik irtengo dira. Azken zutabea itsasotik etorriko da». Bakoitzak aldarrikapen bat egingo duela iragarri du: preso gaixoak askatzea, bizi osorako kartzela zigorrari ezetz esatea, eta presoak Euskal Herriratzeko eskakizuna.
Oiartzunen, berriz, goizez eta arratsaldez luzatuko da Goazen Plazara ekimena. Eguerdi partean udalerriko zortzi auzoetan ekitaldiak egingo dituzte, eta 20:00etan ekitaldi nagusia egingo dute Doneztebe plazan.
Harrera ona
Herrira mugimendua otsailean aurkeztu zuten Euskal Herri mailan. Gero herrietan bilguneak sortzen hasi ziren. «Arrakasta» izaten ari direla adierazi du Garciak, «herri gehienetan sortu direlako bilguneak». Bilguneak osatuta baldin badaude ere, herriko eragileengana iristeko nahia dutela gaineratu du Garciak.
Errenteria-Oreretan, esaterako, eragileak inplikatu dira, Herrirarekin elkarlanean aritu dira Goazen Plazarako ekitaldiak antolatzeko. «Bertsolariak etorri zitzaizkigun euren proposamenekin, baita dantzariak ere. Elkarteetako kideak ere bildu dira, eta sagardoa eta pintxoak eramango dituzte Zumardira», azaldu du Lasagak. Deialdiak jaso duen erantzunarekin «pozik» daude.
Hala ere, ez dute biharko ekimenean geratu nahi. «Eskubide urraketak nabarmenak dira oraindik», esan du Eizmendik. Horregatik, ostiraletan egiten diren karteladetara jendea hurbiltzen jarraitzeko deia egin du Garciak. Izan ere, presoen eskubideen aldekoa «dinamika iraunkorra» izan behar duela esan dute. «110.000 pertsona bildu zituen Bilboko manifestazioaren ondoren, ikusten dugu estatuek bere horretan jarraitzen dutela. Egunero ikusten dugu jende gehiago dagoela gure aldarrikapenak bere egiten dituenak. Horregatik, etzikoa gehiengo sozial eta politikoak aldarrikapenekin bat egiten duela irudikatzeko eguna bezala ezarri zen, baina herrietan», zehaztu du Garciak.
Eizmendi larunbateko argazkia zein izango den ikusteko irrikaz dago, «eta horrek ea zein bultzada ematen dion». Presoen eskubideen gaiak «egunerokotasunean» egon behar duela esaten du. «Arazoa ez da bukatu», gaineratu du.
Horrez gain, gonbitea egin diete Herrirako herri bilguneetan parte hartu nahi dutenei bertara hurbiltzeko. «Mugimenduaren aldarrikapenekin [ikus ondoko zerrenda] bat egiten duen edonor hurbildu daiteke bertara, inolako lerratze politikorik gabe», dio Lasagak. Plaza bete aldarri nahi dute Herrira mugimendukoek, laster presoak toki horietan bertan egon daitezen.
Herriraren aldarrikapenak
- Euskal presoak Euskal Herrira ekartzea.
- Espainiako Estatuan ezartzen den 197/06 doktrina bertan behera uztea. Zigorra bete duten presoak askatzea.
- Frantziako Estatuan ezartzen den bizi osorako zigorra bertan behera uztea, baldintzapeko askatasunari bide emanez.
- Zigorraren 2/3ak eta 3/4ak bete dituzten presoak kaleratzea. Gaixotasun larriak dituzten presoak askatzea, eta bestelako gaixotasunak dituztenak behar bezala zaintzea. Osasun eskubidea errespetatzea.
- Frantziako eta Espainiako estatuek darabilten espetxe politika egokitzea, hasi den aro berrian gatazka konpontzeko bidean modu positiboan eragiteko.
(Hurrengo orrian jarraitzen du testuak)
Egitarauak, herriz herri
Antxo
- 12:00etan. Pala desafioa: antxotarrak vs. sanjuandarrak.
- 12:00etatik 14:00etara. Presoei postalak idazteko aukera, Gure Zumardian.
- 13:30ean. Ekitaldia. Elkartasuna kantuz, manifestuaren irakurketa, eta espetxe politika pairatzen dutenei aurreskua.
Donibane
- 12:00etan. Pilota partida, plazan.
- 13:00etan. Elkarretaratzea.
- 13:30ean. Sardin jatea.
San Pedro/Trintxerpe
- 12:00etan. Ekitaldia, San Pedroko Dorrean.
Errenteria-Orereta
- 11:30etik 13:30era. Materiala, presoei idazteko gutunak, presoen eskulanekin erakusketa, toka txapelketa, txistulariak, dantzariak, bertsolariak, Saskiak bete espetxeak hustutzeko ekimena…
- 13:00etan. Argazki erraldoia.
- Ondoren. Pintxoak eta sagardoa.
Hondarribia
- 12:00etan. Hiru zutabe. Amutetik, bizikleta martxa (Bizi osorako zigorrik ez!). Erdigunetik, kalejira (Gaixo larriak kalera!). Itsasotik, itsasontzien zutabea (Euskal presoak Euskal Herrira!).
- 13:00etan. Ekitaldia, Kai Zaharrean.
Lezo
- 11:00etan. Lezo euskal presoen banderolaz bete eta kalejira, plazatik.
- 11:00etatik 12:30era. Gaztetxoen txokoa: jolasak, tailerrak…
- 12:00etan. Elkarretaratzea.
- 12:30ean. Luntxa.
Irun
- 12:00etatik aurrera. Salaketak, tailerrak, haur jolasak, musika, pintxoak, sagardoa… Zabaltza plazan.
- 13:00etan. Mosaikoa.
- 14:00etan. Kalejira.
- 14:30ean. Bazkaria.
Oiartzun
- 12:00etan. Auzoetan ekimenak.
Ugaldetxon: elkarretaratzea Matteon, kamiseta zuriarekin.
Iturriotzen: elkarretaratzea biribilgunean.
Karrikan: deidarra, hamaiketakoa eta elkarretaratzea.
Altzibarren: elkarretaratzea, zubian. Eltze soinua eta pintxoak.
Elizalden: elkarretaratzea, Beheko plazan.
Gurutzen: elkarretaratzea, Bizardia plazan.
Ergoienen: Auzokaltetik Fortalezara kalejira, eta buelta.
Arragua: elkarretaratzea.
Auzo guztietatik deia egin dute soinua egiten duten tresnak eramateko elkarretaratzeetara.
- 20:00etan. Oiartzungo plazan, argazki erraldoia.
Hendaia, Pausu, Biriatu
- Oharra. Herritarrak Donibane Lohizunera deitu dituzte. 11:30ean elkartuko dira, faro ondoan, portuaren sartzean. Zerutik argazki bat aterako diete, eta gero manifestazioa egingo dute denek.
(Hurrengo orrian jarraitzen du testuak)
Gogorza preso oreretarraren kasua bereziki larria dela salatu dute
Oarso Bidasoko hamabost preso daude gaixo, biri ezarri diote 197/06, eta seik bete dituzte hiru laurdenak
Ekimen nazionala deitu du Herrira mugimenduak etzirako. Ekimen nazionala, baina herriz herri babestu beharrekoa. Horretarako, Oarsoaldean eta Bidasoan, aurreko orrian ikus daitekeen egitaraua antolatu dute herri bakoitzeko bilguneek.
Herrira mugimenduaren helburua hirukoitza da, baina garbia: «Preso gaixoak kaleratzea, 197/06 doktrinarekin (
Parot doktrina) bukatzea, eta euskal preso politikoak lehenbailehen Euskal Herriratzea».
Helburu horien harira, Oarsoaldea eta Bidasoa eskualdeetan, hamabost preso gaixo daudela jakinarazi du mugimenduak. Horien artean, Aitzol Gogorza oreretarra dagoela gogorarazi dute Herrirako kideek. Urte luzeetako obsesio nahasmen konpultsiboa dauka. 13 urte daramatza espetxean (1999tik), eta egun Basauriko (Bizkaia) espetxean dago. Frantziako Estatuan atxilotu zuten 1999an, 2011n Espainiaratu zuten, eta Sevillan egon zen preso, Basaurira hurbildu aurretik.
Errenteria-Oreretako herri bilguneak ohartarazi du Gogorza herriratu arte gogor lan egingo duela. Horretarako, etziko ekimenaz gain, Basauriko espetxera martxa antolatu du ekainaren 3rako. Horrekin bat egitera deitu ditu herritarrak, «guztien artean lortuko baitugu».
197/06 doktrinari dagokionez, Oarsoaldekoak dira zigor hori ezarrita duten bi presoak: Jon Ander Urkizu sanpedrotarra eta Jokin Urain oreretarra.
Bestalde, Oarsoaldeko eta Bidasoko sei presok zigorraren hiru laurdenak beteta dituzte (behean), baina espetxean jarraitzen dute. Horietako batek, Juantxo Lasa oreretarrak, 27 urte daramatza espetxean.
«Guztiak etxeratzeko» lan egingo du Herrirak etziko bilkuretan, «eta aurrerantzean».
Presoen egoera
Gaixoak
- Guztira. 15 dira gaixotasun larriak dituzten euskal presoak.
- Aitzol Gogorza (Errenteria-Orereta). 1999. urtean atxilotu zuten Frantzian. 2011n Espainiaratu zuten Sevillara. Egun Basaurin dago.
197/06 doktrina (‘Parot’)
- Jon Ander Urkizu (San Pedro). 25 urte daramatza espetxean. 1986. urtean atxilotu zuten, eta 2007an aplikatu zioten Parot doktrina.
- Jokin Urain (Errenteria-Orereta). 26 urte daramatza espetxean. 1986. urtean atxilotu zuten, eta 2009an aplikatu zioten Parot doktrina.
Hiru laurdenak beteta
- Imanol Iparragirre. Antxo.
- Gorka Zulaika. Antxo.
- Juantxo Lasa. Errenteria-Orereta.
- Josu Ziganda. Errenteria-Orereta.
- Gabriel Zabala. San Pedro.
- Juanra Rojo. Irun.