Gaur zabalduko dute Kabia Espazio Kreaktiboa Pontikako aparkalekuan
Gaurtik aurrera, martxan egongo da Kabia egitasmoaren egitura fisikoa. Pontikako aparkalekuan jarri dute, eta denboraldi batez herritarren kreatibitateak tokia izango du egitura horretan. Aurkezpen ofiziala 19:00etan izango da, eta ordu laurden beran...
Gaurtik aurrera, martxan egongo da Kabia egitasmoaren egitura fisikoa. Pontikako aparkalekuan jarri dute, eta denboraldi batez herritarren kreatibitateak tokia izango du egitura horretan. Aurkezpen ofiziala 19:00etan izango da, eta ordu laurden beranduago irekiera festa egingo dute musika, jateko eta edatekoarekin.
Hortik aurrera, espazio ireki horretan hainbat ekimen izango dira, eta bihar bertan Donostia 2016en barruko Olatu Talkak tokia izango du. Hain zuzen, 23:00etatik aurrera kontzertua izango da bi talderekin: Odio eta Ke+Da. Bertan, punk eta rock memoria musikala gogoraraziko dute. Eresbilek eta EMTE Errenteriako Musika Taldeen Elkarteak antolatutako ekitaldia da.
Horrez gain, beste ekitaldi batzuk ere egingo dituzte Errenteria-Oreretan Olatu Talkaren barruan, baina Kabiatik kanpo, herriko beste zenbait tokitan (ondoko koadroan).
Datozen asteetan ere hainbat ekitaldi egingo dituzte Kabian: Genero eta Hirigintza tailerra, Don Bosco kalera, Baratzak balkoietan, SummerLab… Aurrerago, ordea, joango dira zehazten ekitaldi horiek guztiak.
Egitaraua
- 19:00. Txalapartarien emanaldia, parrokiako eskaileretan.
- 19:00. EMTEren kontzertua, Beheko kalean.
- 19:15. Errenteria Musikal Biteri Txikin, eta Xanti eta Maialen erraldoiak eta buruhandiak, Koldo Mitxelena plazan.
- 19:30. Andra Mari Abesbatzaren kontzertua, Mikelazulon.
- 19:45. Xenpelar Bertso Eskolaren bertso saioa, Xenpelar Etxean.
- 19:50. EMKEren kontzertua, Zumardian.
- 20:15. EMKE, Biteri Txikin.
- 20:30. Landarbaso Abesbatza, Mikelazulon.
- 20:50. Talde guztien kontzertua, Herriko Enparantzan.