“Arina da sasipastorala, ez dugu egin nahi pretentziosoa”
Eñaut Gantxegik (Lezo, 1974) urte hasieran izan zuen pastoral bat egiteko ideia, gipuzkoarren begietatik. Pastorala antzezpen mota arkaikoena dela dio, eta Ipar Euskal Herrian mantendu dutela, Hego Euskal Herrian antzerkia homogeneizatu den bitartean. Urteko lehen hilabeteetan landu duten “sasipastorala” taularatuko dute etzi Donostiako Antigua auzoko kafe antzokian. Gantxegik esan du “pena” dela Herri Urratsen data berean izatea, baina 20:00etan izanik denak gonbidatu ditu Dokara. Zer da sasipastoral bat? Gaur egungo pastoraletatik elementu batzuk hartu, azterketa bat egin eta pixka bat moldatzea, eguneratzea. Elementu berriak sartuz? Gaur egungo gizonak eta emakumeak garenez, nahiz eta batzuk ez dakit iraganean edo etorkizunean bizi diren, gauza asko orainaldiko betaurrekoetatik filtratu ditugu. Gauza batzuk modu batean ulertu ditugu, eta leku horretatik heldu diogu. Ohiko pastoralen zein elementu hartu dituzue? Estetika, adibidez. Estetika minimoa du. Antzerki bezala bakarrik ezin da katalogatu, bertsoek eta musikak faktore garrantzitsua jokatzen dutelako. Bertsoak nik, Beñat Gaztelumendik eta Lezoko Mañontzi bertso eskolakoek egin ditugu. Interpretatzeko moduan, pastoralen aptitudea oso neutroa da. Ez dago antzezpen handirik… Ñabardurak sar litezke, baina ez asko… estetika hori asko gustatu zaigu. Pastoral honetan zehazki ez, baina onen eta txarren arteko dikotomia horri zein irtenbide ematen zaion ez zait egokia iruditzen. Pertsonaia bat hartzen [...]
Eñaut Gantxegik (Lezo, 1974) urte hasieran izan zuen pastoral bat egiteko ideia, gipuzkoarren begietatik. Pastorala antzezpen mota arkaikoena dela dio, eta Ipar Euskal Herrian mantendu dutela, Hego Euskal Herrian antzerkia homogeneizatu den bitartean.
Urteko lehen hilabeteetan landu duten “sasipastorala” taularatuko dute etzi Donostiako Antigua auzoko kafe antzokian. Gantxegik esan du “pena” dela Herri Urratsen data berean izatea, baina 20:00etan izanik denak gonbidatu ditu Dokara.
Zer da sasipastoral bat?
Gaur egungo pastoraletatik elementu batzuk hartu, azterketa bat egin eta pixka bat moldatzea, eguneratzea.
Elementu berriak sartuz?
Gaur egungo gizonak eta emakumeak garenez, nahiz eta batzuk ez dakit iraganean edo etorkizunean bizi diren, gauza asko orainaldiko betaurrekoetatik filtratu ditugu. Gauza batzuk modu batean ulertu ditugu, eta leku horretatik heldu diogu.
Ohiko pastoralen zein elementu hartu dituzue?
Estetika, adibidez. Estetika minimoa du. Antzerki bezala bakarrik ezin da katalogatu, bertsoek eta musikak faktore garrantzitsua jokatzen dutelako. Bertsoak nik, Beñat Gaztelumendik eta Lezoko Mañontzi bertso eskolakoek egin ditugu. Interpretatzeko moduan, pastoralen aptitudea oso neutroa da. Ez dago antzezpen handirik… Ñabardurak sar litezke, baina ez asko… estetika hori asko gustatu zaigu.
Pastoral honetan zehazki ez, baina onen eta txarren arteko dikotomia horri zein irtenbide ematen zaion ez zait egokia iruditzen. Pertsonaia bat hartzen da ardatz moduan, eta totem bilakatzen dute, gurtu egiten dute. Guri iruditzen zaigu pertsonaia batek alde onak eta txarrak izan ditzakeela, ate batetik edo bestetik atera daiteke…
Banaketa jainkotiar hori ez duzue gustuko, orduan.
Hori da. Ibilkera desberdina dute pertsonaiek. Onak direnak poliki aritzen dira, meza ematen ariko balira bezala, eta txarrek ibilkera martzialagoa dute. Bilintxen pastoralean pertsonaia batek ibilkera ezberdinak izan ditzake.
Kezka batzuk genituen hainbat elkartu ginen, eta pixka bat argitu ditugu horiek. Hala ere, ez gara pastoraletara dedikatuko.
Zeintzuk elkartu zarete kezka horiek argitzeko?
Aktoreak, gehienbat. Hala ere, ez gara denak talde batean batera egon. Musika aldetik, Xabi San Sebastian, Xerra añorgarra, Joseba Etxegoien lezoarra, Katxin… jende ezberdina. Enbido bat bota nuen, eta jende askok erantzun du. Gainera, ez dugu presio handirik. Planteatu dugun moduan, lan mota nahiko oinarrizkoa izan da. Bi kedada nagusi egin ditugu, finkatu ditugu obraren atalak, eskemak eta abar. Esperimentatzeko geratu gara.
Entsegu gutxi dago, orduan…
Bai, baina horrelako gauzetarako lizentzia horiek har daitezke. Zerbait serioagoa izango balitz… ba ez. Arina da zentzu onean, ez da pretentziosoa.
Zenbat jende igoko zarete taulara?
Aktoreak zortzi. Musikariak beste lauzpabost izango dira. Taulan bideo proiekzioak egingo ditugu, jendeak bertsoak jarrai ditzan. Ez ditugu zubereraz egingo, noski. Batuan dira bertsoak, donostiartuak. Proiekzio horietan bi alde daude: konposatzen ari dena, Joseba Parron; eta Mattin ilustradoreak utziko dizkigu Irutxuloko Hitzara-ko egindako Moko eta Karmele-ren hainbat ilustrazio. Irudi oso bilintxianoa dute. Guztira, 25 lagun izango gara, dantzariak ere izango direlako…
Gainera, desfilea egingo dugu lehenago auzotik. Pastoral-poteoa izango da [kar-kar]!
Zergatik hautatu duzue Bilintx pertsonaia nagusi bezala?
Pertsonaia nahiko kuriosoa iruditu zaidalako, batetik, eta Olatu Talkarengatik, bestetik. Gainera, Dokan egiten dut lan eta pastorala hor egitea ere…
Pastoral donostiar-donostiarra, beraz.
Donostiara enfokatuta dago, bai, baina donostiartasun gehiegirik gabe. Beste -tasun asko bezala, hori ere txarra baita…
Olatu Talkaren barruan dago.
Aitzakia horretan, polita izan daiteke asteburuan zerbait egitea. Jendea ohitua dago data zehatz batzuetan kultura ekitaldietara joatea: Zinemaldia irailean, jazza uztailean… urtean zehar egiten diren kultura ekitaldietara joateko aliziente bat izan liteke. Testuingurua ikusita, hori baliatu dugu zerbait eskaintzeko.
Zenbateko iraupena aurreikusten duzue?
Ordubete edo ordu eta laurden. Agian gustura egongo ginateke lau orduz edo auskalo, baina lehen aldia izateko… esperimentu antzekoa denez, ez gara luzatze zale. Gaur egungo pastoralak gustuko dituenarentzat, formatu hori egokia da. Gu Hego Euskal Herriko ikuspuntuarekin joaten gara Zuberoara, eta dagoenera moldatu behar dugu. Kubara oporretan joaten garenean bezala, lasai hartu behar dugula hango erritmoa. Luzera hori ez dugu oraindik hemen ikusten… produktora bat etortzen bazaigu esanez hamar milioi emango dizkigutela luzatzeagatik, pentsatuko genuke, hori bai.

