Lurraldebus txartelarekin Renfeko txartelak eros ahal izango da, astelehenetik aurrera
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Renfek otsailaren 20an sinatutako hitzarmenari esker, astelehenetik aurrera tren txartelak eros ahal izango dira Lurraldebusekin. Oraingoz, uztailaren 1a arte, lehiatiletan erabili ahal izango da, eta ordutik aurrera ere txartelak saltzen dituzten makinetan. Horrela, ez dute dirurik erabili behar izango txartel arruntak, joan-etorrikoak eta hileko bonoak erosteko. Talde berezienak hitzarmenetik kanpo gelditu direla Gipuzkoako Foru Aldundiak.
2013ra arte, baina, Renferen araberako tarifak ordainduko dituzte bidaiariek. Datorren urtean bateratuko dituzte tarifak. Aldundiak adierazi duenez, Lurraldebus txartelaren bidez ordaindutakoa gero erakundeak ordainduko dio Renferi. “Konpentsazio kalkuluak hilero egingo dira eta Aldundiak hilero ordainduko die”, zehaztu dute.
Mugikortasuna bultzatu
Bi erakundeen arteko hitzarmenak “herritarren mugikortasuna” bermatu nahi duela adierazi du Aldundiak: “Aurre egin beharreko erronka horien artean garrantzitsuenetako bat tarifa marko bateratua lortzea da, txartel bakarrarekin herrialdeko hainbat garraiobideetan ibil ahal izateko, herritarrek garraiobideetan tratamendu bera izan dezaten”. Horrela, mugikortasunaren arloan lan egiten duten erakundeekin erakunde eta eragileekin elkarlanean jarraituko duela esan dute.
Foru erakundearen arabera, datorren urtean txartel bakarra errealitatea izan dadin “gogor” ari dira lanean, txartel bakarra erabilita bidaiatzeko eta garraiobide bat baino gehiago hartuta, hobari ekonomikoak edukitzeko. Lanketa teknikoa zaila dela onartu du aldundiak, baina, era berean txartel bakarra lortzeko bidean Renferekin egindako hitzarmena “urratsa” dela aitortu dute.