Arrantzale sentitzea “Top” sentitzea da
Itsas Gela elkarteak marinel egunak antolatzen ditu, arrantzaleen bizimodua erakustarazteko asmoz, eta Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailburuordetzak Top Esperientzia bezala hautatu ditu jardunaldi horiek. Arrantzaleen bizimodua ezagutzeko, turistek Pasa...
Itsas Gela elkarteak marinel egunak antolatzen ditu, arrantzaleen bizimodua erakustarazteko asmoz, eta Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailburuordetzak Top Esperientzia bezala hautatu ditu jardunaldi horiek. Arrantzaleen bizimodua ezagutzeko, turistek Pasaiako barrutiak zein Mater arrantza ontzia bisita dezakete, edo ontzi horretan nabigatu.
Honako aukeretako bat hauta dezakete bisitariek. Alde batetik, Pasaiako arrantzaleen artean egun bat igaro dezakete partaideek. Lehendabizi, Pasaiatik ibilalditxo gidatua egiten dute: arrain merkatua edo lonja ikusi, Mater ontzi museoa bisitatu, Ondartxo itsas kulturaren zentrora joan eta arraun elkarteen instalazioak ezagutu.
Indarrak hartzeko, badiara bistak dituen jatetxe batean bazkaltzen dute, eta ondoren Donibanetik beste ibilaldi bat egiten dute. Itsasontzi txiki batean sartu eta badiatik osteratxoa egiten dute. Pasai San Pedron lehorreratu eta alde zaharretik egindako bisitarekin bukatzen da bidea.
Beste aukeran, berriz, arrantza ontzi batean bidaiatzeko aukera izango dute bisitariek. Kirol arrantza egin dezake nahi duenak, eta itsasontzian bertan bazkaldu dezakete. Mater-etik ateratzean San Pedroko hirigune historikoa ezagutuko dute.
Urte osoan zehar probatu ahal izango da Top Esperientzia, baina udan eta udaberrian egitea askoz hobeto da, eguraldia lagun bada, behintzat. Oarsoaldea Garapena Agentziaren bitartez egin daitezke bisitak, aurretik eguna hartuz. Horretarako, Oarsoaldeara deitu behar da, 943 49 45 21 telefono zenbakira.
Bakoitzaren gustuen eta beharrizanen arabera antolatzen dituzte bisitaldiak.