Aitzol Gogortzaren “egoera larria” salatu du Herrirak
Aitzol Gogortza da espetxean gaixo dagoen Euskal Preso Politikoen Kolektiboko hamalau presoetako bat. Trastorno Obsesibo Konpultsiboa du duela hamabi urtetik, eta bere “egoera larria” salatu du Oreretako Herrira herri bilguneak, batik bat E...
Aitzol Gogortza da espetxean gaixo dagoen Euskal Preso Politikoen Kolektiboko hamalau presoetako bat. Trastorno Obsesibo Konpultsiboa du duela hamabi urtetik, eta bere “egoera larria” salatu du Oreretako Herrira herri bilguneak, batik bat Espainiaratu zutenetik.
Atzo agerraldia egin zuen, eta bertan izan ziren Gogortzaren amaz gain, Gaztañoko zenbait auzotar eta mediku bat. Hain zuzen, azken horren arabera, trastorno hori baldintza normaletan edukiz gero ongi eraman daiteke; ez ordea, espetxeko baldintzetan.
Hala, Frantziako espetxean egon zen bitartean, bere egoera “egonkorra” zela azaldu du, baina Espainiaratu zutenean “okertu” egin zela: “Batetik, laguntza psikologikoa eten zioten, eta bestetik, espetxeak zigortu egin zuen. Presio asko jasan zituen, jipoitu egin zuten, eta isolamenduan sartu zuten”. Sevillako kartzelan zegoela espetxeko zuzendariak bere egoeraz ohartu ziren; alegia, tratamendua behar zuela.
Orain, bere egoera “poliki-poliki hobea” dela gaineratu du medikuak, laguntza mediku eta psikologiko aldetik, baina oraindik ere “larria” izaten jarraitzen duela.
Mobilizazioak
Herrirak “Aitzol herriratzeko dinamikak” martxan jarriko ditu. Hala, hainbat mobilizazio antolatuko ditu datozen asteetara begira; hala nola, Gogortza dagoen espetxera martxa (Basaurin dago).
Horietan guztietan parte hartzera deitu ditu herritar guztiak.
Azkenik, datu batzuen berri eman du: 665 preso daudela Euskal Preso Politikoen Kolektiboan, eta hamalau daudela gaixo. Horietatik bostek hogeitik gorako espetxe zigorrak dituzte ezarrita.