EuskoTreneko, Kutxabank-eko eta TKEko ordezkariak, gaur, Donostian.
Emakumeen EuskoTren traineru ligan parte hartzeko asmoa zazpi traineruk dute. Zazpi horiek uztailaren 7an (Portugaleten, Kutxabank bandera) eta 8an Zarautzen (Eusko Label bandera) kanporaketa bat jokatuko dute, gainontzeko sei estropadetarako lauko txanda osatzeko: iazko irabazle Getaria-Tolosak ziurtatua dauka plaza EuskoTren Ligan, eta gainontzeko hiru partaideak bi eguneko kanporaketa horretatik —Ligarako puntuak ere banatuko dira horietan— aterako dira. Zazpi horietatik hiru Oarso Bidasokoak dira: Hondarribia, Hibaika eta San Juan.
Honakoak dira parte hartzeko asmoa duten arraun taldeak: Getaria-Tolosa, Rianxeira Mecalia, San Juan Iberdrola, Zumaia Salegi jatetxea, Hibaika Jamones Ancin, Hondarribia Orsa eta Orio. Hala, Getaria-Tolosak bi sailkapen estropada horietan ere parte hartuko du, ligarako puntuak pilatzeko. Gainontzeko estropadak honakoak dira:
- Uztailak 21. Pedreñan (Kantabria, Espainia), Maria Cudeyo bandera.
- Uztailak 22. Pasai San Pedron, EuskoTren bandera.
- Uztailak 29. Getxon (Bizkaia), Getxoko bandera.
- Abuztuak 12. Zumaian, El Diario Vasco bandera.
- Abuztuak 18. Zarautzen, Zarauzko Ikurrinaren lehen eguna.
- Abuztuak 19. Zarautzen, Zarauzko Ikurrinaren bigarren eguna.
Kuxabank, babesle berria
Bestalde, Kutxabank banketxea EuskoTreni gehitu zaio emakumeen traineru liga babesteko. EuskoTrenek laugarren urtez jarraituko du ligaren babesle nagusi bezala, eta Kutxabank-ek ligaren buruan dagoen ontzia sarituko du, patroiari banketxearen izenarekin liderraren elastikoa emanez. EuskoTrenek eta Kutxabank-ek bi urterako babesle hitzarmena sinatu dute gaur Traineruen Kluben Elkartearekin, Donostian.