Gaur arratsean aurkeztuko dute Oiartzungo Herrira mugimendua
Bilgunearen nondik norakoak azalduko dizkiete herritarrei eta maiatzaren 19rako deia egingo dute Herrira mugimenduaren Oiartzungo taldeak aurkezpen publikoa egingo du gaur. 19:30ean izango da, Manuel Lekuona Bibliotekan. Herritarrei agertzeko deia egin...
Bilgunearen nondik norakoak azalduko dizkiete herritarrei eta maiatzaren 19rako deia egingo dute
Herrira mugimenduaren Oiartzungo taldeak aurkezpen publikoa egingo du gaur. 19:30ean izango da, Manuel Lekuona Bibliotekan. Herritarrei agertzeko deia egin diete.
Orain arte, hainbat bilera egin dituzte Oiartzungo herri bilguneko kideek. Gaur, berriz, aurkezpen publikoa egingo dute. Ez da ohiko bilera bat izango, eta herritarrei bilgunearen nondik norakoak eta funtzionamendua azalduko dizkiete. Interesa duen oro ager daiteke, beraz.
Horrez gain, datorren maiatzaren 19an egingo duten Goazen plazara! ekimen nazionalerako deia zabalduko dute gaur. Nazio deialdia da, baina hiri eta herri bakoitzetako plazetan egingo dute bertako bizilagunek, Plazak bete, kartzelak hustutzeko leloarekin.
Presoen eta iheslarien alde
Presoen eta iheslarien alde lanean aritzeko mugimendua da Herrira, eta herritar orok parte har dezake, «bakoitzak ahal duena emanez». Zehazki, preso eta iheslarien etxeratzea ahalbidetu nahi duen mugimendua da Herrira: «Gehiengo zabal baten nahia antolatzeko biltzen gara, nahi hori mobilizazio bihurtzera, eta helburu hori egi bihur dadin lan egitera».
Hala, Euskal Herriko beste hainbat herritan bezala, Oiartzunen ere askotariko herritarrak batzen jarraitu nahi dute, askotariko ekimenetan: «Presoen gaia eztabaida politikoaren erdigunean kokatzeko baliagarria izateaz gain, gizartearen konpromisoaren erakusleihoa da».