«Estatuek boterea dute, baina ez arrazoia»
Preso ohiek hartu dute hilabete bukaerako kartelada antolatzeko lekukoa apirilean. Ohiko kartelada deitu beharrean, erronka antolatu dute biharko. «Indarra eta arrazoia» beraienak direlako, herritarrei parte hartzeko deia egin diete. Sokaren beste aldean zer ote dago? Hitzordua jarrita dago. Preso ohiek deituta, erronka egingo dute bihar, herritarrei banatutako soka muturrekin, 20:00etan, Doneztebe plazan. Leloa: Gurekin batera tira soka. Presoak etxeratzeko daukagu erronka. Ez da hilabete bukaerako ohiko kartelada izango. Eta herritarrei agertzeko deia egin diete, sokatik tiratzen laguntzeko. Apirilean, preso ohiek hartu dute azken ostiraleko kartelada deitzeko lekukoa. Ane Beristain, Estanis Lopez, Ander Errandonea eta Inaxio Mendiburu preso ohiek azaldu diote HITZAri zergatik erabaki duten hilabete bukaerako ekimena ezberdina izatea. Euskaldunen erronka zaletasuna hartu dute aitzaki, eta horregatik bota dute beraiena. Euskaldunek, eta erronka zaletasun horrek, bi alderdi dituztela nabarmendu du Beristainek: «Indarra eta kemena, batetik; eta konbentzimendua eta arrazoia, bestetik». Indarra eta kemena aipatzean, Euskal Herriak, herri bezala dituenaz ari dira: «Determinazioa, konpromisoa, koherentzia eta duintasuna dugu». Arrazoia eta konbentzimenduarekin, euskal herritarrei dagozkien eskubideei egiten diete erreferentzia: «Eskubide indibidual eta kolektiboak zor dizkigute, gureak direnak, eta horren konbentzimendu osoa dugu». Indarra, kemena, konbentzimendua eta arrazoia «desaktibatzeko», baina, Espainiako eta Frantziako estatuek biolentzia erabiltzen dutela gogorarazi du Beristainek: «Inpunitate osoz darabilte, [...]
Preso ohiek hartu dute hilabete bukaerako kartelada antolatzeko lekukoa apirilean. Ohiko kartelada deitu beharrean, erronka antolatu dute biharko. «Indarra eta arrazoia» beraienak direlako, herritarrei parte hartzeko deia egin diete. Sokaren beste aldean zer ote dago?
Hitzordua jarrita dago. Preso ohiek deituta, erronka egingo dute bihar, herritarrei banatutako soka muturrekin, 20:00etan, Doneztebe plazan. Leloa: Gurekin batera tira soka. Presoak etxeratzeko daukagu erronka. Ez da hilabete bukaerako ohiko kartelada izango. Eta herritarrei agertzeko deia egin diete, sokatik tiratzen laguntzeko.
Apirilean, preso ohiek hartu dute azken ostiraleko kartelada deitzeko lekukoa. Ane Beristain, Estanis Lopez, Ander Errandonea eta Inaxio Mendiburu preso ohiek azaldu diote HITZAri zergatik erabaki duten hilabete bukaerako ekimena ezberdina izatea.
Euskaldunen erronka zaletasuna hartu dute aitzaki, eta horregatik bota dute beraiena. Euskaldunek, eta erronka zaletasun horrek, bi alderdi dituztela nabarmendu du Beristainek: «Indarra eta kemena, batetik; eta konbentzimendua eta arrazoia, bestetik».
Indarra eta kemena aipatzean, Euskal Herriak, herri bezala dituenaz ari dira: «Determinazioa, konpromisoa, koherentzia eta duintasuna dugu».
Arrazoia eta konbentzimenduarekin, euskal herritarrei dagozkien eskubideei egiten diete erreferentzia: «Eskubide indibidual eta kolektiboak zor dizkigute, gureak direnak, eta horren konbentzimendu osoa dugu».
Indarra, kemena, konbentzimendua eta arrazoia «desaktibatzeko», baina, Espainiako eta Frantziako estatuek biolentzia erabiltzen dutela gogorarazi du Beristainek: «Inpunitate osoz darabilte, eta kostua zero da: atxiloketak, tortura, epaiketa bereziak, lege bereziak, deportazioa, ilegalizazioa, desagertzeak, mehatxuak, txantaia, espetxe politika…».
Presoei eta senideei presioa
Azken horretan —espetxe politikan— bereziki sakondu du Espainiako Estatuak, preso ohiek nabarmendu dutenez. Eta helburua zein den argi dute: «Preso politikoak damutzea eta suntsitzea».
Horregatik, esan dute, jarri ditu indarrak bizi baldintzak gogortzean, urruntzean, isolatzean, gaixoak gehiago gaixotzea, Parot izeneko doktrinan… Horien eragina «izugarria» izan dela gogorarazi dute: «Bai preso politikoengan eta baita euren senideengan ere: espetxean hildakoak, errepideetan, jipoiak, erasoak, osasun arazo larriak…».
Herrian bertan badaude, besteren artean, halakoen ondorio diren hiru kasu. Estanis Lopezi eta Ander Errandoneari, esaterako, Parot doktrina ezarri zieten, eta ondorioz, gehiago luzatu zieten berez jarrita zieten zigorra. 25 urte pasatu zituzten espetxean, eta iazko maiatzean atera ziren.
Errandoneak erabaki horiek politikoak direla ohartarazi du: «Politikoki suntsitu nahi gaituzte, erabaki horiek guztiak politikoak dira».
Inaxio Mendibururi ere Parot doktrina ezarri zioten. Kalean dago duela hainbat urte, gaixotasunagatik eta «herritarrek egindako presioagatik», baina hilero sinatzera joan behar du epaitegira. Baldintzapean dago aske, alegia: «Ezin dut esan aske nagoela, baina kartzelan baino hobeto nago, hori ziur. Herritarrek egindako lanak bere fruituak eman zituen, eta lanean jarraitu behar dugu».
Presoen egoerak okerrera egin dezakeela iragarri du Lopezek, bestalde: «Asko dira espetxean urteak daramatzatenak, eta horiek ere adinez gora doaz; adina gora joan ahala, presioagatik ez ezik, adinagatik ere gaixotasunak gehiago azaltzen dira».
Herritarren gaitasuna
Egun Euskal Herriak bizi duen momentuaren garrantzia nabarmendu dute preso ohiek, eta presoak kaleratzeko eta iheslariak etxera itzultzeko gaitasuna badutela herritarrek. Gobernuek, baina, mugitu gabe jarraitzen dutela salatu dute. Beristainen arabera, «ETA zen aitzakia orain arte, baina orain ez dago eta estatuek mugitu gabe jarraitzen dute».
Mugiarazteko presioa egin behar dela dio: «Konponbidea martxan jarri behar dugu». Eta horretan, preso ohiek ere badute zeresana, «kalean egon arren kolektiboaren zati izaten jarraitzen dugulako, eta gainontzekoen askatasunean inplikatu behar dugulako».
Herritarrei ere, mobilizazioen garrantzia gogorarazi diete, eta deia egin diete gaurko erronkan parte hartzeko.
Arrazoia eskuan
Beristainen arabera, «estatuek boterea dute, baina ez arrazoia». Errandonea guztiz ados dago: «Arrazoia balute, eseriko lirateke negoziatzera». Lopezek mugitu beharra errepikatu du: «Sozialki edo ekonomikoki gauzak aldatzeko ere, mobilizazioak egiten dira eta lortzen dira gauzak. Hau ere hala da».
Presioak presio, senideek eta presoek jarritako oztopo guztiei aurre egin dietela gogorarazi dute. Eta herritarren mobilizazioak askorako balio izan duela, eta balio duela. «Egiten ditugun gauzetan ez sinisteko joera dugu. Badirudi ez dugula ezer mugituko, baina Mendiburu aske badago, esaterako, herriak egindako lanagatik da. Herritarrek ere presioa egiten dute, eta lan horrekin jarraitu behar dugu, lortu behar dugu», azaldu du Beristainek.
Soka elkarrekin tiratuko dute preso ohiek eta herritarrek gaur. Zer ote dago atzean?