Kabia proiektuaren lehen bileran 85 herritarrek parte hartu dute
Abiatu da Kabia proiektua. Larunbatean egin zituzten egitasmoaren lehen urratsak Merkatuzarren, eta sustatzaileek —Errenteriako Udala, Arkitektura Kolektiboak eta Donostia 2016— egindako deiari 85 lagunek erantzun zioten. Ordurako bildu ziren guztiak, 09:45erako, eta hantxe zeuden harrera egiteko proiektuaren sustatzaileak. Sartu bezain pronto parte hartzaileen datuak bildu zituzten: izen-abizenak, herria, kontakturako modu bat… Segidan, Julen Mendoza alkateak proiektuaren gaineko azalpenak eman zizkien bertaratukoei. Ondoren, taldeka bildu ziren partaideak. Lau dira, guztira: elkarbizitza, kultura eta sormena, teknologia berriak eta hirigintza. Talde guztietan partaide kopuru antzekoa izan zen. Lehenengoari dagokionez, bi taldetan banatu ziren: giza harremanak eta aniztasuna, eta bakegintza eta normalizazio politikoa. Taldeka proposamenak bildu eta garatzen joan ziren. Hori egindakoan berriro bildu ziren talde guztiak egindako proposamenak entzuteko. Hala bukatu zen partaideen lehenengo harremana, baina aurrera begira ere biltzeko konpromisoa hartu zuten. Unai Gorrotxategi, informatikaria: «Jendea gogotsu dago ideiak landu eta konpartitzeko» Unai Gorrotxategi (Errenteria-Orereta, 1984) Kabia egitasmoaren lehen tailerrean parte hartu duten 85 lagunetako bat da. Joan den larunbatean Merkatuzarren egindako topaketaz aritu da Oarso Bidasoko Hitza-rekin. Merkatuzarrera bertaratutakoak lau lantaldetan banatu zineten. Zein lantaldetan aritu zinen zu? Informatikoa naiz eta teknologien gaineko lantaldean aritu nintzen, beste hamalau kiderekin batera, esparru horretan zer egin dezakegun erabakitzeko. Zerk eraman zaitu Kabia egitasmoan [...]
Abiatu da Kabia proiektua. Larunbatean egin zituzten egitasmoaren lehen urratsak Merkatuzarren, eta sustatzaileek —Errenteriako Udala, Arkitektura Kolektiboak eta Donostia 2016— egindako deiari 85 lagunek erantzun zioten.
Ordurako bildu ziren guztiak, 09:45erako, eta hantxe zeuden harrera egiteko proiektuaren sustatzaileak. Sartu bezain pronto parte hartzaileen datuak bildu zituzten: izen-abizenak, herria, kontakturako modu bat… Segidan, Julen Mendoza alkateak proiektuaren gaineko azalpenak eman zizkien bertaratukoei.
Ondoren, taldeka bildu ziren partaideak. Lau dira, guztira: elkarbizitza, kultura eta sormena, teknologia berriak eta hirigintza. Talde guztietan partaide kopuru antzekoa izan zen. Lehenengoari dagokionez, bi taldetan banatu ziren: giza harremanak eta aniztasuna, eta bakegintza eta normalizazio politikoa.
Taldeka proposamenak bildu eta garatzen joan ziren. Hori egindakoan berriro bildu ziren talde guztiak egindako proposamenak entzuteko. Hala bukatu zen partaideen lehenengo harremana, baina aurrera begira ere biltzeko konpromisoa hartu zuten.
Unai Gorrotxategi, informatikaria: «Jendea gogotsu dago ideiak landu eta konpartitzeko»
Unai Gorrotxategi (Errenteria-Orereta, 1984) Kabia egitasmoaren lehen tailerrean parte hartu duten 85 lagunetako bat da. Joan den larunbatean Merkatuzarren egindako topaketaz aritu da Oarso Bidasoko Hitza-rekin.
Merkatuzarrera bertaratutakoak lau lantaldetan banatu zineten. Zein lantaldetan aritu zinen zu?
Informatikoa naiz eta teknologien gaineko lantaldean aritu nintzen, beste hamalau kiderekin batera, esparru horretan zer egin dezakegun erabakitzeko.
Zerk eraman zaitu Kabia egitasmoan parte hartzera?
Oreretarra naizelako hartu dut parte, batetik. Bestetik, interesgarria iruditzen zaidalako egingo dena Pontikako orube horri bizitza emateko, eta baita egingo den modua ere. Herrian potentzial handia dagoela uste dut, eta lanean hasitako jendea gogotsu dago ideiak konpartitu eta lantzeko.
Ideiak proposatu eta gauzatzea da helburua. Zuen lantaldetik atera al da proposamen zehatzik?
Proposamen zehatz batzuk atera dira, baina larunbatekoa lehen harremana egiteko izan zen, lantaldea zer den, eta zer egin behar duen definitzeko, alegia. Proiektu zehatzei dagokionez, berriz, Gaztaño auzoan hasi berri duten Guifi.net azpiegituraren gainekoa aipatu daiteke. Horrek hainbat zerbitzu eta aukera ematen ditu, zure etxetik streaming bidez kalitate handiko telebista egin dezakezu, edo udalak eman dezake plenoa herri osorako. Herriarena eta herriarentzat den azpiegitura da eta aplikazioak milaka izan daitezke.
Hemendik aurrera zer? Beste hitzordurik zehaztu duzue?
Bai. Maiatzaren 4an (ostirala) Merkatuzarren gelditu gara 18:00etan. Teknologien gainean aritu nahi duen ororentzat irekia da, gainera, bilera hori. Garrantzitsua da nabarmentzea, bakoitzak eramaten duen ideia egiteko ardura pertsona horrena dela. Hau da proposatzeaz gain, egin behar ditugu.
Kabia egitasmoaren hastapenen gaineko zer balorazio egiten duzu?
Jendea auzolanerako gogotsu dago, oso ideia interesgarriak proposatu dituzte, oraindik zehaztu ez badira ere. Sortu den aukera izugarri interesgarria da.