EAEko Justizia Auzitegi Gorenak Jaizkibel konpainiaren aldeko
epaia eman du, BERRIA.INFOk jakin ahal izan duenez, eta ebatzi du iaz ez zegoela Hondarribiko alarde mistoaren ibilbidea aldatzeko motiborik. Modu horretan bertan behera utzi du Eusko Jaurlaritzako Barne Sailak
segurtasun arrazoiak aipatuz ibilbidea aldatzeko hartu zuen erabakia.
Ertzaintzak bidea itxi zion alarde mistoari irailaren 8an iaz.
Istilu arriskua saihestu nahi zela argudiatu zuen Barne Sailak orduko horretan, baina epaian (18. orrialdea, hirugarren paragrafoa) garbi esaten du Auzitegi Nagusiak aurreko urteekin alderatuta ez dagoela argudiatuta ibilbidea aldatzea. Esan du zehazki Ertzaintzak ez duela azaldu zergatik aldatu behar zen ibilbidea Gernikako Arbola lorategietan, “aurreko urteetan hortik pasatzea baimendu duenean”.
Gainera, ibilbidearen zati hori “sinbolikoa” dela onartu du Auzitegi Nagusiak. Eta gaineratu du istiluak izateko arriskua ez dela erabaki bat hartzeko motibo, baizik eta beste zerbaiten ondorio izan behar duela. Kasu honetan ondorio horrek oinarririk ez duela ebatzi du. Horregatik, aurreko urteetan erabakia justifikatzen zuten istilurik izan ez zelako, ibilbideak aurreko urteetakoa izan behar zuela azaldu du.
Bestalde, gaur emango diete Jaizkibel konpainiari eta Irungo Alarde Parekideari
Emakunde Saria, Donostian.