Saharako haurrak etxean hartzeko deialdia luzatu dute
Hondarribiko Udalak, Gizarte Zerbitzuen Departamentuaren bidez jakinarazi nahi du, Oporrak Bakean izeneko programa dela eta, uztailean eta abuztuan zortzi urtetik hamabi urte arteko zortzi neska-mutil saharar hartzeko asmoa duela. “Programa hone...
Hondarribiko Udalak, Gizarte Zerbitzuen Departamentuaren bidez jakinarazi nahi du, Oporrak Bakean izeneko programa dela eta, uztailean eta abuztuan zortzi urtetik hamabi urte arteko zortzi neska-mutil saharar hartzeko asmoa duela.
“Programa honek izaera humanitarioa du eta zenbait arrazoirengatik gizarte egoera txarrean dauden umeei edo osasun egoera berezian daudenei zuzenduta dago. Udako hilabete hauetan beren etxeetan hartuko dituzten familiekin oporrak igarotzeko aukera eskaini nahi zaie” azaldu du Maite Pelaezek, Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak.
Hondarribiko Udalak programa hau martxan jartzearekin batera, bere gain hartuko ditu neska-mutil horien bidai txartelen gastua eta horiekin batera Saharatik etorriko den begiralearena. Era berean, aisialdiko ekintzak antolatu eta osasun azterketak eta zainketak koordinatuko ditu Osakidetzarekin, bestalde haur bakoitzari eta hori daukan familiari laguntza eskaintzeaz gainera, hauen jarraipena egingo du. Ekimen honetan parte hartu nahi duten familia guztiek informazio zabalagoa jasoko dute Departamentuan bertan, edo 943111291 telefonora deituta.
“Gaur arratsaldean, 17:00etatik 20:00etara, Santa Maria Magdalena plazan, ekitaldi honen inguruko jaialdi bat antolatuko da. Haur eta helduentzat, txalaparta, dantza, magia, Haima bat… denetatik izango dugu eta hiritarrei gonbitea luzatu nahiko nieke bertara hurbiltzeko” esan du Pelaezek.
Hortaz gain, astelehenean informazio saio bat egongo da, Zuloaga Etxean 19:00etan, Saharako haurrak etxean hartzearen ingurukoa.

