Gernika: koadrotik egurrera
Duela 75 urteko egun lazgarri hori modu askotan irudikatu da, baina ziurrenik Picassoren Guernica koadroa izan da 1937ko bonbardaketa horretan jendearen samina, sufrimendua eta inpotentzia hobekien islatu duena. Koadro hori oinarri edukita, Lander Urkiaren ikasleek egurrean egin dituzten eskulturekin bilduma osatu dute, eta atzo inauguratu ostean maiatzaren 6ra arte ikus daiteke Xenpelar Etxean (astelehenetik ostiralera, 17:00etik 20:00etara). Egun osoan ibili zen atzo Urkia 30 tailak aretoan zehar antolatzen. Ikasle batzuk koadroa osorik irudikatu dute, eta besteek elementuak atera dituzte hortik. Hain zuzen, eskultura solteekin Picassoren koadroa bera osatu dute atetik sartu eta eskuinean dagoen horman. Besteetan, berriz, bozetoak eta ikasleek euren sormena landuta moldatutako tailak aurki daitezke. Horiek lantzen aritu dira urtarriletik eskulturen egileak. Ideia, ordea, duela urtebete inguru bururatu zitzaiela esan dute: “Bakoitzak egiten dituen tailetatik aparte, gai bat jorratzea zen asmoa, gauza berri bat egiteko. Beti egiten ditugu kutxak, argizaiolak eta antzerakoak”. Zer egin zezaketen pentsatzen hasita, Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena aitzakia polita izan zitekeela bururatu zitzaien, “Euskal Herrian, gainera, Gernika sinbolo bat delako”. Normalean egiten dituzten tailak bezalakoak izan ez arren, Urkiaren arabera, ez dute teknika berezirik erabili horiek osatzeko: “Marrazkiak hartu ditugu eta proiektatu egin ditugu pieza handiak egiteko. Gero, zerra batekin moztu ditugu forma emateko, [...]
Duela 75 urteko egun lazgarri hori modu askotan irudikatu da, baina ziurrenik Picassoren Guernica koadroa izan da 1937ko bonbardaketa horretan jendearen samina, sufrimendua eta inpotentzia hobekien islatu duena. Koadro hori oinarri edukita, Lander Urkiaren ikasleek egurrean egin dituzten eskulturekin bilduma osatu dute, eta atzo inauguratu ostean maiatzaren 6ra arte ikus daiteke Xenpelar Etxean (astelehenetik ostiralera, 17:00etik 20:00etara).
Egun osoan ibili zen atzo Urkia 30 tailak aretoan zehar antolatzen. Ikasle batzuk koadroa osorik irudikatu dute, eta besteek elementuak atera dituzte hortik. Hain zuzen, eskultura solteekin Picassoren koadroa bera osatu dute atetik sartu eta eskuinean dagoen horman. Besteetan, berriz, bozetoak eta ikasleek euren sormena landuta moldatutako tailak aurki daitezke.
Horiek lantzen aritu dira urtarriletik eskulturen egileak. Ideia, ordea, duela urtebete inguru bururatu zitzaiela esan dute: “Bakoitzak egiten dituen tailetatik aparte, gai bat jorratzea zen asmoa, gauza berri bat egiteko. Beti egiten ditugu kutxak, argizaiolak eta antzerakoak”. Zer egin zezaketen pentsatzen hasita, Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena aitzakia polita izan zitekeela bururatu zitzaien, “Euskal Herrian, gainera, Gernika sinbolo bat delako”.
Normalean egiten dituzten tailak bezalakoak izan ez arren, Urkiaren arabera, ez dute teknika berezirik erabili horiek osatzeko: “Marrazkiak hartu ditugu eta proiektatu egin ditugu pieza handiak egiteko. Gero, zerra batekin moztu ditugu forma emateko, eta beste guztia landu dugu gubiarekin eta zintzelarekin, pixkanaka-pixkanaka egurrari kentzen eta kentzen”. Ikasle bakoitzak, gainera, bere ukitua eman diola azaldu du Urkiak, horrekin, hala nola, irudiaren adierazkortasuna lantzeko.
Bizpahiru urteko esperientzia duten ikasleen lanekin osatu dute erakusketa. Ikasturte honetan hasi direnak oraindik horrelako eskulturak egiteko prest ez daudela azaldu du Urkiak, eta euren lanekin ikasturte amaieran beste erakusketa bat egingo dutela.
Urkia gustura dago erakusketaren emaitzarekin, eta ikasleek egindako lanarekin. Hala ere, taila guztien artean bat aukeratzekotan, jakin du zein esan: “Txoria, orijinala eta polita izateaz gain, sinbologiarengatik”. Usoak bakea eta askatasuna irudikatzen duela zehaztu du irakasleak, eta “nahiz eta koadroa katastrofikoa izan beti dagoela irtenbide bat”.
Erakusketa jarri berria den arren, toki gehiagotara ere zabaldu nahi dute, eta aukera izanez gero, beste gai bat hautatu beste bat osatzeko. Bien bitartean, baina, Xenpelar Etxean egongo da. Gainera, asteburua izanik ere, hilaren 28an eta 29an, Eskulangintza Azokaren harira, zabalik egongo da.