Allerru saskibaloi taldea berriro itzuliko da kantxara
Kirol txapelketak bi asteburutan geldirik egon ondoren, bihar hasiko dira berriro. Horrela, Allerru saskibaloi taldeak Bekoerrota kiroldegian Astigarraga jasoko du, 20:00etatik aurrera. Allerru hamargarren postuan dago, hamar garaipenekin. Astigarragat...
Kirol txapelketak bi asteburutan geldirik egon ondoren, bihar hasiko dira berriro. Horrela, Allerru saskibaloi taldeak Bekoerrota kiroldegian Astigarraga jasoko du, 20:00etatik aurrera.
Allerru hamargarren postuan dago, hamar garaipenekin. Astigarragatarrak bigarren postuan daude, eta 24 partidatik sei bakarrik galdu dituzte.
Ez da asteburu honetan Lezon jokatuko den partida bakarra izango. Izan ere, futboleko Allerru Bk, Erregional Lehen Mailako Igoera Faseko hamalaugarren jardunaldiko partida jokatuko du. Zarautz taldeak bisitatuko du Plazeta. Norgehiagoka 16:00etan hasiko da, eta mutilen bigarren futbol talde nagusiak hirugarren garaipena eskuratu behar du azken postutik ateratzeko.
Gainontzekoak, kanpoan
Erregional Preferenteko futbol taldeak etzi eskualdeko derbia jokatuko du Trintxerpeko futbol zelaian, Sanpedrotarraren kontra. Partida 16:00etan hasiko da. Moreek puntuak behar dituzte, zuloa atzean uzteko, eta zuri-berdeek, berriz, zazpigarren postuan egonkortzeko.
Emakumeen Ligako taldeak, berriz, igandean jokatuko du Intxaurdiren kontra. Partida Donostiako Cesar Benito futbol zelaian izango da (Mirakruz gainaren ondoan dago). 12:30ean hasiko dira jokatzen.
Azkenik, Allerru-Jaizkibel areto futboleko taldeak Usurbilen jokatuko du etzi eguerdian. Arerioa Gorka Pinturas Makax azken aurreko sailkatua izango da. Norgehiagoka 13:00etan hasiko da, Oiardo kiroldegiko kantxan.

