Errenta aitorpena euskaraz egiteko deia egin dute
Euskararen erabilera normalizatzeko diru kontuetan ere pausoak eman behar direla nabarmendu dute Errenta aitorpena egiteko garaia den honetan, Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneak eta Oiartzungo Udalak errenta aitorpena euskaraz egiteko deia egin dute, «egiten duten modalitatean egiten dutela». Ttur-tturrek eta udalak esandakoaren arabera, «gogoan izan behar dugu euskararen erabilera normalizatzeko arlo guztietan eman behar direla aurrerapausoak, baita diru kontuetan eta antzerako tramiteetan ere. Horregatik orain arte pauso hori eman ez duten herritarrak animatu nahi ditugu, aitorpena nonahi egiten dutela ere, euskaraz egiteko». Euskaraz geroz eta gehiago Urtetik urtera errenta aitorpena euskaraz egiten duten oiartzuarrak geroz eta gehiago direla nabarmendu dute Ttur-tturrek eta udalak. Herriko finantza erakundeek ematen dizkiete datuak, eta hortik ondorio hori. Izan ere, datu horien arabera, 2004ko errenta aitorpena (2005ean egina) %6,2k egin zuten euskaraz eta 2010ean (2011n egina) %28,2k egin zuten euskaraz. Hala eta guztiz ere, oraindik ere errenta aitorpena euskaraz egiten ez dutenak badaude: «Oiartzunen euskaldunak eta ia euskaldunak batuta %80tik gora gara. Horrek esan nahi du oiartzuar euskaldun askok oraindik gaztelaniaz egiten dutela». Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneak eta Oiartzungo Udalak aurten lehen aldiz errenta aitorpena egiten dutenak animatu nahi dituzte bereziki: «Horientzat errenta aitorpeneko kontzeptu guztiak berriak izango dira, eta hasieratik euskaraz egiteko hautua egiten badute, aurrerantzean ere [...]
Euskararen erabilera normalizatzeko diru kontuetan ere pausoak eman behar direla nabarmendu dute
Errenta aitorpena egiteko garaia den honetan, Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneak eta Oiartzungo Udalak errenta aitorpena euskaraz egiteko deia egin dute, «egiten duten modalitatean egiten dutela».
Ttur-tturrek eta udalak esandakoaren arabera, «gogoan izan behar dugu euskararen erabilera normalizatzeko arlo guztietan eman behar direla aurrerapausoak, baita diru kontuetan eta antzerako tramiteetan ere. Horregatik orain arte pauso hori eman ez duten herritarrak animatu nahi ditugu, aitorpena nonahi egiten dutela ere, euskaraz egiteko».
Euskaraz geroz eta gehiago
Urtetik urtera errenta aitorpena euskaraz egiten duten oiartzuarrak geroz eta gehiago direla nabarmendu dute Ttur-tturrek eta udalak. Herriko finantza erakundeek ematen dizkiete datuak, eta hortik ondorio hori. Izan ere, datu horien arabera, 2004ko errenta aitorpena (2005ean egina) %6,2k egin zuten euskaraz eta 2010ean (2011n egina) %28,2k egin zuten euskaraz.
Hala eta guztiz ere, oraindik ere errenta aitorpena euskaraz egiten ez dutenak badaude: «Oiartzunen euskaldunak eta ia euskaldunak batuta %80tik gora gara. Horrek esan nahi du oiartzuar euskaldun askok oraindik gaztelaniaz egiten dutela».
Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneak eta Oiartzungo Udalak aurten lehen aldiz errenta aitorpena egiten dutenak animatu nahi dituzte bereziki: «Horientzat errenta aitorpeneko kontzeptu guztiak berriak izango dira, eta hasieratik euskaraz egiteko hautua egiten badute, aurrerantzean ere hala egiteko joera edukiko dute».
Eskaerak eta pausoak
Herriko finantza erakundeekin eta aholkularitzekin hitz egiten dute Ttur-tturrek eta udalak eta egindako hainbat eskaera onartu dituzte; hala nola, zerbitzua eskainiz gero euskaraz emateko prestatuta egotea. Aholkularitza bidez egiten ez duten zergadunentzat hainbat pauta eman dituzte: autolikidazio proposamenak nola egin, hitzordua nola eskatu, Internet bidez nola egin…
Autolikidazio proposamenak onartzeko epea maiatzaren 4an bukatuko da, errenta mekanizaturako hitzordua eskatzeko epea ekainaren 8an (hilaren 16tik aurrera), eta aitorpenak aurkezteko azken eguna ekainaren 25a izango da.
Aitorpenak
Urtea* Guztiak Euskaraz
2005 4.772 297 (%6,2)
2006 4.945 825 (%16,6)
2007 5.077 1.000 (%19,7)
2008 5.314 1.132 (%21,3)
2009 5.476 1.286 (%23,4)
2010 5.451 1.476 (%27)
2011 5.469 1.545 (%28,2)
(*) Urtea atala aitorpena egin zen urteari dagokio. Hau da, aurreko urteko errenten aitorpena da.