Pasaiako Udalak Portuak lonjari buruz esandakoak gezurtatu ditu
Portu Agintaritzako buru Lucio Hernandok San Pedroko lonja berrirako proiektuaren gainean esandakoak hautsak harrotu ditu Pasaian. Udalak gezurtatu ditu Hernandoren adierazpenak, eta manipulazioa egotzi dio Portuari. Hona alkateak gaiaren gainean zabaldutako prentsa oharra, hitzez hitz: “Alkatetzaren prentsa-oharra, San Pedroko lonjaren inguruan portuko agintaritzak aditzera emandako adierazpenei buruzkoa” Diario Vasco egunkarian 2012ko apirilaren 4an agertutako informazioei erantzun eman nahian, Alkatetza honek balorazio hau egiten du. Lehen-lehenik, Pasaiako Portuko Agintaritzaren jokabide manipulatzailea salatu nahi dugu, San Pedroko lonjarekin agertzen dituen desadostasunak direla-eta. Aldi berean, argitu nahi dugu, ez dela unean uneko arazo bat. Izan ere, Pasaiako Portuko Agintaritzak udal honen aurrean eta Pasaiako biztanle guztien aurrean jokabide lotsagabea agertzen du. Halaber, argi adierazten dugu, San Pedroko lonja egiteko, ustez, udalak Pasaiako Portuko Agintaritzari ezarritako baldintzak ez direla udalak, hala nahi izanda, besterik gabe jarriak. Herritarren parte-hartze prozesu bati erantzun eman nahi izan zaio, bizilagun guztiek adierazi baitzuten herrirako zer-nolako lonja nahi zuten: herriarekin bat egiten duen lonja bat; zehazki, herriari eragozpenik sortuko ez dion lonja bat. Izan ere, orain artean, eta baita orain ere, zaratak, trafikoa eta usain txarrak eragin izan ditu, eta eragiten jarraitzen du. Prozesuan hartutako konpromisoarekin zintzoa izan da udala. Hasiera-hasieran partekatutako helburua eskuratzearren, behar-beharrezko adostasunak hartu nahi izan [...]
Portu Agintaritzako buru Lucio Hernandok San Pedroko lonja berrirako proiektuaren gainean esandakoak hautsak harrotu ditu Pasaian. Udalak gezurtatu ditu Hernandoren adierazpenak, eta manipulazioa egotzi dio Portuari. Hona alkateak gaiaren gainean zabaldutako prentsa oharra, hitzez hitz:
“Alkatetzaren prentsa-oharra, San Pedroko lonjaren inguruan portuko agintaritzak aditzera emandako adierazpenei buruzkoa”
Diario Vasco egunkarian 2012ko apirilaren 4an agertutako informazioei erantzun eman nahian, Alkatetza honek balorazio hau egiten du.
Lehen-lehenik, Pasaiako Portuko Agintaritzaren jokabide manipulatzailea salatu nahi dugu, San Pedroko lonjarekin agertzen dituen desadostasunak direla-eta. Aldi berean, argitu nahi dugu, ez dela unean uneko arazo bat. Izan ere, Pasaiako Portuko Agintaritzak udal honen aurrean eta Pasaiako biztanle guztien aurrean jokabide lotsagabea agertzen du.
Halaber, argi adierazten dugu, San Pedroko lonja egiteko, ustez, udalak Pasaiako Portuko Agintaritzari ezarritako baldintzak ez direla udalak, hala nahi izanda, besterik gabe jarriak. Herritarren parte-hartze prozesu bati erantzun eman nahi izan zaio, bizilagun guztiek adierazi baitzuten herrirako zer-nolako lonja nahi zuten: herriarekin bat egiten duen lonja bat; zehazki, herriari eragozpenik sortuko ez dion lonja bat. Izan ere, orain artean, eta baita orain ere, zaratak, trafikoa eta usain txarrak eragin izan ditu, eta eragiten jarraitzen du.
Prozesuan hartutako konpromisoarekin zintzoa izan da udala. Hasiera-hasieran partekatutako helburua eskuratzearren, behar-beharrezko adostasunak hartu nahi izan ditu udalak eta, horrenbestez, jarrera eraikitzailea agertu nahi izan du. Ez dezagun ahaztu, gainera, nortzuk bildu garen horretan: Pasaiako Portuko Agintaritza, Pasaiako Udala, herritarrak eta erabiltzaileak.
Guztiaren erakusgarri izan dira Administrazioaren azken biltzarrean alkateak berak Pasaiako Portuko Agintaritzari xehetasun-azterlana onartzeko emandako baldintza zehatzak. Pasaiako Portuko Agintaritzako teknikariek gaitasun gabezia agertu zutenez horietako batzuei konponbidea emateko, udalak konponbide teknikoak eman zizkien.
Horren harira, alegazioak jartzeko okerreko data argitaratu zen; horren da handia manipulazioa! Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean xehetasun-azterlanaren onarpena 2012ko martxoaren 29an argitaratu zen. Hogei egun baliodun igarota, apirilaren 25era arteko epea zegoen, eta ez 16ra artekoa, haiek baieztatzen duten modura.
Zein helbururekin egin dute akats hori? Herritarrek proiektua ez aztertzea eta alegaziorik ez aurkeztea nahi al dute?
Gainera, Pasaiako Portuko Agintaritzak alegazioak erregistratu dituela dio, nahiz eta Udalak ez duen horren ezagupenik.
Gobernu taldeak eskaera egiten dio Pasaiako Portuko Agintaritzari, erakunde honi eta herritarrei errespetua izan diezaieten. Aldi berean, gogorarazten diegu portua Pasaian dagoela, eta ez Pasaia portuan.
Halaber, ohartarazten dugu hedabideetan agertzen diren eraso guztiei erantzungo diegula, nahiz eta ez ditugun haiek adina baliabide. Gure egiteko nagusia herritarrengan dagoela baiesten dugu.
Azkenik, zentzuz jokatzeko deia egiten dugu, eta erakundeen artean elkarlana mantentzearen aldeko deia. Horrekin batera, Pasaiako Portuko Agintaritzari eskatzen diogu nagusigoa inposatzearen bidetik, jauntxoen jarrera eroa erabiltzeari uzteko, eta prozesu honetan hasiera-hasieratik sortutako eraikitze kolektiborako gogoa berriro ere berreskuratzeko.

