Beste bi Londreserako
Aste santua bikaina izan da uztailaren 27tik abuztuaren 12ra Londresen jokatuko diren olinpiar jokoetan aritzeko borrokan ziharduten Irungo bi kirolarirentzat. Ander Elosegi Santiagotarrak Arraun Elkarteko kanoistak olinpiar slalomean aritzeko txartela bereganatu zuen Pauen (Okzitania) Espainiako selekzioak egindako sailkapen probetan. Eta beste irundar batek, Julen Aginagalde eskubaloi jokalariak, gauza bera lortu du Alacanteko (Herrialde Katalanak) aurre olinpiar txapelketan. Piraguismoko Espainiako ur bizietako hamabi kirolarik Paueko sailkapenan jardun zuten, Bratislavako Munduko Txapelketan lortutako hiru lekuak zeinentzako izango ziren erabakitzeko; mutilen C-1ean eta K-1ean, eta nesken K-1ean parte hartuko du Lee Valleyko kanalean Espainiak. Pauen, modalitate bakoitzean hiru egunez lehiatu ziren; goizetan finalerdiak egin zituzten, eta eguerdian edo arratsaldean, finalak. Gizonen banakako kanoan, Ander Elosegik sei txandetatik lau irabazi zituen eta hiru finaletan nagusitu zen. Lehen postua lortu zuen irundarrak eta, horrekin batera, olinpiar jokoetan parte hartzeko eskubidea. Bratislavako Munduko Txapelketan bosgarren izan zen Elosegi, eta Pekingo jokoetan olinpiar diploma eskuratu zuen. Ingalaterran, bi postu horiek hobetzen saiatuko da Santiagotarrak taldeko harri bitxia. Jordi Domenjo katalanak lortu zuen bigarren postua; Jon Erguin donostiarra lesionatuta aritu dela baliatu zuen Domenjok, eta Londresera bidaiatuko du, Elosegiren ordezko bezala. David Perez irundarra ere aritu zen Pauen, nahiz eta Londresera joateko gazteegia den. Eskarmentua pilatzeko balio izan [...]
Aste santua bikaina izan da uztailaren 27tik abuztuaren 12ra Londresen jokatuko diren olinpiar jokoetan aritzeko borrokan ziharduten Irungo bi kirolarirentzat. Ander Elosegi Santiagotarrak Arraun Elkarteko kanoistak olinpiar slalomean aritzeko txartela bereganatu zuen Pauen (Okzitania) Espainiako selekzioak egindako sailkapen probetan. Eta beste irundar batek, Julen Aginagalde eskubaloi jokalariak, gauza bera lortu du Alacanteko (Herrialde Katalanak) aurre olinpiar txapelketan.
Piraguismoko Espainiako ur bizietako hamabi kirolarik Paueko sailkapenan jardun zuten, Bratislavako Munduko Txapelketan lortutako hiru lekuak zeinentzako izango ziren erabakitzeko; mutilen C-1ean eta K-1ean, eta nesken K-1ean parte hartuko du Lee Valleyko kanalean Espainiak.
Pauen, modalitate bakoitzean hiru egunez lehiatu ziren; goizetan finalerdiak egin zituzten, eta eguerdian edo arratsaldean, finalak. Gizonen banakako kanoan, Ander Elosegik sei txandetatik lau irabazi zituen eta hiru finaletan nagusitu zen. Lehen postua lortu zuen irundarrak eta, horrekin batera, olinpiar jokoetan parte hartzeko eskubidea. Bratislavako Munduko Txapelketan bosgarren izan zen Elosegi, eta Pekingo jokoetan olinpiar diploma eskuratu zuen. Ingalaterran, bi postu horiek hobetzen saiatuko da Santiagotarrak taldeko harri bitxia. Jordi Domenjo katalanak lortu zuen bigarren postua; Jon Erguin donostiarra lesionatuta aritu dela baliatu zuen Domenjok, eta Londresera bidaiatuko du, Elosegiren ordezko bezala. David Perez irundarra ere aritu zen Pauen, nahiz eta Londresera joateko gazteegia den. Eskarmentua pilatzeko balio izan dio Perezi Pauekoak.
Crespo ordezko K-1ean
K-1ean Joan Crespok ezin izan zuen Atletico San Sebastian taldeko Samuel Hernanz faboritoa menderatu, nahiz eta azken eguneko finalean garaipena eskuratu zuen. Santiagotarrak taldeko kirolaria jokoetara joango da, baina Donostian bizi den okzitaniarraren ordezko bezala —Hernanz Tarbesen jaioa da, baina Espainiako pasaportearekin aritzen da—.
Londresen Espainiako taldea ordezkatuko duten hiru piraguistak Gipuzkoatik joango dira: Elosegi irundarra C-1ean, eta Atletiko San Sebastian taldeko bi kirolari K-1ean: Hernanz eta Maialen Chorraut lasartearra. Chorrautek erabateko nagusitasuna erakutsi zuen nesken K-1ean, proba guztietan lehen postua lortuz. Londresen podioko goiko kaxoira igotzea da bere helburua.
Bi gipuzkoar gehiago eskubaloiko taldean
Espainiako eskubaloi taldeak aste santuan egin zuten Alacanteko aurre olinpiar txapelketan lortu zuen Londreserako txartela. Lehen jardunaldian Serbia indartsua menderatu zuten gorriek (30-27), eta bigarren lehia erabakiorran Argeliaren aurka garaile irten ziren (28-20). Valerio Rivera entrenatzaileak erabakiko du zeintzuk jokalarik bidaiatuko duten Londresera, baina ia ziurtzat eman daiteke horietako bat Julen Aginagalde izango dela, Riveraren gustukoa baita. Alacanten zortzi gol sartu zituen irundarrak, lau Serbiaren kontra eta beste lau Argeliaren aurkako lehian; taldeko golegile hoberena izan da aurre olinpikoan.
Aginagalderekin batera Mikel Agirrezabala zarauztarrak hartu du parte aurre olinpikoan, eta, ia ziur, biak ariko dira jokoetan, dominaren bat lortzeko esperantzarekin. Duela lau urte Pekinen brontzea lortu zuen Espainiako eskubaloi taldeak, baina talde asko dira metalen lehian sartuko direnak. Horren adibide garbia zera da, Espainiak azken momentura arte ezin izan duela ziurtatu Londresen jokatuko duela.

