Parot doktrina ezarri dieten 25 euskal presoren babes helegiteak atzera bota ditu Auzitegi Konstituzionalak. 31 helegiteri buruzko erabakia eman zuen atzo —28, euskal presoenak— , eta horietatik hiru baino ez ditu onartu. Hirurak euskal presoak: Jose Ignacio Gaztañaga, Juan Mari Igarataundi eta Jose Mari Perez
Txuri. Ebazpena jaso bezain pronto aske geratuko dira.
Helegite horien artean Oarso Bidasoko bi presorenak zeuden: Jon Ander Urkizurena (San Pedro) eta Jokin Urainena (Errenteria-Orereta). 1986an atxilotu zuten sanpedrotarra, eta 2007an ezarri zioten 197/06 doktrina —
Parot doktrina bezala ezagunagoa—. Urain, berriz, 1986an atxilotu zuten ere, eta 2009an ezarri zioten doktrina.
Oarso Bidasoan, orotara, 31 preso politiko daude. Horietatik bat bera ere ez dago Euskal Herriko espetxetan.
Atzo arratsaldean kaleratutako ohar labur baten bidez eman du bere erabakiaren berri Konstituzionalak. Aske geratu direnen kasuan eta atzera bota dituzten 25 kasuetan, boto partikularrak egon dira. Hori hala, auzitegiak ez ditu ezagutzera eman erabilitako argudioak eta helegitea onartu ez dieten presoen izenak (espedienteen zenbakiak ageri dira soilik).
Parot doktrina ez dute Espainiako Konstituzioaren aurkakotzat jo, banan-banan aztertu dituztelako aipatutako helegiteak, baina atzera bota dituzten helegiteen kopuruari erreparatuz, eta azken egunetan auzitegitik izan diren filtrazioen arabera, ikuspuntu murriztatzaileena lehenestea erabaki omen du Konstituzionalak. Alegia, oso baldintzak zorrotzak ezarri ditu babes helegiteak onartzeko orduan.
Horri lotura, hilabeteko azken ostiraleko karteladak egingo dituzte gaur Oarso Bidasoan. Honakoak dira deialdiak:
- Oiartzun. 20:00etan, Doneztebe plazan.
- Lezo. 20:00etan, Gurutze Santuaren plazan.
- Errenteria-Orereta. 20:00etan, Gamon Zumardian.
- Donibane. 19:30ean, Meipin.
- Antxo. 20:00etan, Gure Zumardian.
- San Pedro. 20:00etan, frontoian.
- Irun. 20:00etan, Zabaltza plazan.
- Hondarribia. 20:00etan, San Pedro kalean.