Grebarekin bat egin dute Oarsoaldeak eta Bidasoak
Sindikatuek deitu duten mobilizazio egunean ia erabat gelditu dira bi eskualdeak
Lantegietako ateak itxita eta horien ondoko aparkalekuak hutsik, dendetako eta tabernetako pertsianak beheraino jaitsita, udaletxeetan jarduerarik ez, kiroldegietan bezerorik ez, garraioko zerbitzu minimoetan ere jende gutxi, eta era guztietako mobilizazioak. Hori da Oarsoaldeak eta Bidasoak atzo utzi zuten argazkia Espainiako Gobernuaren murrizketen eta lan erreformaren kontra deitutako greba orokarren harira.
Hamarkadak dira hainbesteko eragina izan duen herri mobilizaziorik ez dela izan bi eskualdeetan.
Pasaia
Pasaian erabatekoa izan zen egun osoko lanuztea. Industriari dagokionez, Pasaiako portuan ez zen inolako jarduerarik izan, bertako sindikatu nagusienek bat egin zutelako grebarekin. Zamakonan, udaleko langileen artean, eta bestelako enpresa txiki eta ertainetan ere oso nabaria izan zen greba. Hezkuntzan, ostalaritzan eta merkataritzan ia erabatekoa izan zen. Arrantza ontziak ere portuan gelditu ziren.
Informazio piketeak goizean zehar izan ziren lanean, Antxon eta Trintxerpen batez ere. Azken barruti horretara portuko langileen manifestazioa iritsi zen goizean goiz, eta zabalik zegoen taberna baten aurrean jarri, eta informazioa ematera zihoazenean, liskarra izan zen tabernako nagusiaren eta manifestarien artean. Ertzaintzak esku hartu zuen gertarakarian. Antxon ere manifestazioa egin zuten 10:00etan, eta Donibanen ere elkarretaratzea izan zen goizean.
Lezo
Lezoko kaskoan ez zituen atzo inork zabaldu ateak. Herriko ikastetxeetako langileek ere bat egin zuten grebarekin, eta herriko poligonoetan ia erabatekoa izan zen lanuztea; 103 poligonoan enpresaren bat lanean ibili zen, eta informazio piketeak bertara joan ziren. Baina Ertzaintzak hori eragozteko erabakia hartu, eta tentsio uneak bizi izan ziren grebalarien eta poliziaren artean.
Errenteria-Orereta
Autoz eta oinez egin zuten euren lana informazio piketeek. Ez zuten lan handiegirik egin erdiguneko eta auzoetako dendak eta tabernan itxita zeudelako, eta industrian —Papresak, besteak beste, itxi egin zuen— ia %100eko eragina izan zuelako deialdiak: Txirrita Maleo, Masti Loidi eta Egiburuberri industrialdeak, esaterako, hutsik zeuden atzo.
Goizean, ordea, zenbait banketxek ateak ireki zituzten. Horietako batera piketeak informazioa ematera joan zirenean, grebalarien eta Ertzaintzaren artean liskarra sortu, eta agenteak grebazaleen kontra oldartu ziren: lekukoen arabera, bost zauritu izan ziren kargaren ondorioz. Pertsona bat ere identifikatu zuen Ertzaintzak.
11:00etan bizikleta martxa egin zuten herriko langabeek Donostiako herrialdeko manifestazioraino. Arratsean eskualdeko manifestazioa egin zuten, Herriko Enparantzatik hasita. Ehunka herritarrek egin zuten bat deialdiarekin. Batzarrak ere izan ziren egunean zehar.
Oiartzun
Erabatekoa izan zen atzoko greba Oiartzunen: industrialdeetan ez zen jarduerarik izan, herriko dendek eta taberna guztiek itxi zituzten ateak, hezkuntza zentroetan ez zen eskolik egon, eta merkataritza gune handietako langileek ere greba egin zuten. Indar oso-oso handia izan zuen grebak.
Irun
Urteak dira Irunen ez zuela hainbesteko eraginik mobilizazio egun batek. Industrialdeetan lantegi gutxik zabaldu zituzten ateak, eta CAF, Recondo edo Unialco bezalako enpresek ateak itxi zituzten. Udaleko langileek ere bat egin zuten grebarekin. Zaisako garraio guneko aktibitatea oso-oso eskasa izan zen atzo.
Hezkuntzan ere ia erabatekoa izan zen lanuztea, eta salbuespenak salbuespen, merkataritza sektoreak bat egin zuen sindikatuen deialdiarekin. Colon pasealekuan, esaterako, igande giroa suma zitekeen, baina ia taberna guztiak itxita zeudela.
10:00etan manifestazioa egin zuten Zabaltza plazatik hasita; 19:00etan, eskualdekoa San Juan plazatik. Biak ala biak jendetsuak izan ziren. Egun osoan zehar auto karabanak eta informazio piketeak izan ziren hirian.
Hondarribia
Atzo, dena geldirik, mobilizazioetan eta piketeetan parte hartu zuten herritarrak izan ezik. Goizean Portu auzoan batez ere tabernaren batek ateak ireki bazituen ere, ia erabatekoa izan zen greba; Sokoan dena itxita zegoen goiz-goizetik.
Txiplau inguruan lantegi nagusiak eta tailer eta enpresa txiki gehienak geldirik zeuden, eta udaleko langileak ez ziren lanera joan. Arrantzaleek ere grebarekin bat egin zuten, eta ontziak portuan utzi zituzten