Oarsoaldea eta Bidasoa erabat geldirik daude
Greba orokorraren deialdiarekin bat egin dute Oarsoaldeko eta Bidasoko herritarrek. Udal guztietako langileak egiten ari dira greban, hezkuntzan erabatekoa izango da, eta herrietako dendek nahiz ostalaritza establezimenduek oraindik zabaldu ez badute ere, sindikatuetako ordezkarien arabera bat egingo dute horiek grebarekin. Industria alorra ia erabat geldirik dago.
Hondarribian eta Irunen enpresa handienek ateak itxi dituzte. Horien artean Irungo CAF, Unialco, Norauto, Recondo edo Txingudiko Urak, besteak beste, daude. Zaisako garraio enpresen gehiengoak ere bat egin du grebarekin. Irungo nahiz Hondarribiko udaletako langileak ere ez dira gaur lanera joan, eta Hondarribiko kiroldegia ere itxita dago. Sindikatuetako ordezkariek jakinarazi dute Irungo Kateako industriagunean Ertzaintzarekin tentsio uneren bat izan dela, baina ez dela aparteko gertakaririk izan. Piketeek normaltasunarekin egin dute euren lana.
Oarsoaldean erabat geldirik dago. Besteak beste, Pasaiako portuan, Niessenen, Beissierren, Papresan, Carrefourren eta Zamakona ontziolan bat egin dute grebarekin. Horiez gain, Lezoko, Oiartzungo, Errenteriako eta Pasaiako industria guneetan ez dago inolako jarduerarik. Hezkuntzan, ez dago ateak zabalduko dituen ikastetxe edo eskolarik; udal jarduera ere guztiz etenda dago.
Garraioan, bi eskualdeetan ezarritako gutxieneko zerbitzuak arazorik gabe betetzen ari dira Ekialdebusen, Renfen eta EuskoTrenen.