Torturaren Kontrako II. Topaketa Oiartzunen egingo dute
Aurten 30 urte betetzen dira Esteban Muruetagoiena hil zenetik. Muruetagoiena ondarrutarra medikua zen herriko anbulatorioan. Guardia zibilak atxilotu zuen 1982ko martxoan, eta egun batzuetara hil zen, “jasandako torturen ondorioz”. Gaur e...
Aurten 30 urte betetzen dira Esteban Muruetagoiena hil zenetik. Muruetagoiena ondarrutarra medikua zen herriko anbulatorioan. Guardia zibilak atxilotu zuen 1982ko martxoan, eta egun batzuetara hil zen, “jasandako torturen ondorioz”.
Gaur eguerdian, hainbat oiartzuarrek agerraldia egin dute urteurren hori gogorarazteko. Eta 30 urte hauetan torturak behin eta berriro errepikatu direla nabarmendu dute, eta horiekin bukatzeko garaia dela: “Hori onartezina da. Euskal gizartea aldaketa politikoaren atarian da. Gure herriak aurrera urratsak ematen jarraitu behar du. Horretarako, behar-beharrezkoa da salbuespeneko lege eta auzitegiak desegin eta tortura bezalako jarduera behin betiko amaitzea”.
Horregatik, Oiartzunen egingo dute Torturaren Kontrako II. Topaketa datorren asteburuan. Iaz egin zuten lehenengo aldia Iruñean, eta urteurren borobil horren harira egingo dute bigarrena herrian: “Estebanen memoria omentzeko eta gainontzeko torturatu guztien duintasuna aldarrikatzeko”.
Hainbat jardunaldi izango dira datorren astean: hitzaldi, mahai inguru, pleno, omenaldia… Agerraldia egin duten oiartzuarrek horietan parte hartzeko konpromisoa hartu dute, eta gainontzeko oiartzuarrei ere egin diete horietan parte hartzeko deia: “Torturarekin amaitzea denon zeregina da eta!”.