‘Bateragune auziko’ zigortuek “aterabide demokratikoen” alde egindako ekarpena nabarmendu dute hainbat lagun ezagunek
Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Arkaitz Rodriguez, Sonia Jacinto oreretarra eta Miren Zabaleta Bateragune auziko zigortuek “gatazkaren aterabide demokratikoen” alde egindako ekarpena nabarmendu dute gaur hainbat lagun ezagunek Donostian, Miramar jauregian. “Bake eta konponbiderako lanean diharduten sektore politiko, sindikal eta sozial guztien berme eta sinesgarritasuna dute auzipeturiko lagunek”. Bostak “berehala eta baldintzarik gabe aske” uzteko eskatu dute, bide batez. “Herri honetako gehiengo politiko eta sozialarentzat agerikoa izan zen epaiak herri honetan ematen ari diren urratsak oztopatu eta baldintzatzea zuela helburu. Helburu honetan huts egiten ari dira eta ziur gaude, ez dute lortuko”, esan dute Donostiako ekitaldian. Agerraldian izan dira, besteak beste, Txelui Moreno, Amaia Esnal eta Mañel Serra Bateraguneko auzipetu ohiak, Alaia Martin eta Beñat Gaztelumendi bertsolariak, Joxe Austin Arrieta eta Joan Mari Irigoien idazleak, Ramon Labaien Donostiako alkate ohia, Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendaria, Iñaki Soto Gara-ko zuzendaria, Maddalen Iriarte kazetaria, Ramon Agirre aktorea, Oskar Matute Alternatibakoa, Mertxe Colina ABkoa, Rebeka Ubera Aralarrekoa, Rufi Etxeberria ezker abertzalekoa, Kontxi Bilbao EBkoa, Ainhoa Aznarez PSNko zinegotzi ohia, Xabier Mikel Errekondo Amaiurrekoa, Joxean Agirre soziologoa, Iñaki Egaña historiagilea, Karmelo Landa eta Francisco Letamendia Ortzi EHUko irakasleak, Jabi Garnika LABekoa, Jesus Uzkudun CCOOkoa eta Jone Goirizelaia eta Doris Benegas abokatuak. Iazko irailean Espainiako Auzitegi Nazionalak kartzela zigorra jarri zien Otegi, Diez, Rodriguez, Jacinto eta Miren [...]
Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Arkaitz Rodriguez, Sonia Jacinto oreretarra eta Miren Zabaleta Bateragune auziko zigortuek “gatazkaren aterabide demokratikoen” alde egindako ekarpena nabarmendu dute gaur hainbat lagun ezagunek Donostian, Miramar jauregian. “Bake eta konponbiderako lanean diharduten sektore politiko, sindikal eta sozial guztien berme eta sinesgarritasuna dute auzipeturiko lagunek”. Bostak “berehala eta baldintzarik gabe aske” uzteko eskatu dute, bide batez.
“Herri honetako gehiengo politiko eta sozialarentzat agerikoa izan zen epaiak herri honetan ematen ari diren urratsak
oztopatu eta baldintzatzea zuela helburu. Helburu honetan huts egiten ari dira eta ziur gaude, ez dute lortuko”, esan dute Donostiako ekitaldian.
Agerraldian izan dira, besteak beste, Txelui Moreno, Amaia Esnal eta Mañel Serra Bateraguneko auzipetu ohiak, Alaia Martin eta Beñat Gaztelumendi bertsolariak, Joxe Austin Arrieta eta Joan Mari Irigoien idazleak, Ramon Labaien Donostiako alkate ohia, Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendaria, Iñaki Soto Gara-ko zuzendaria, Maddalen Iriarte kazetaria, Ramon Agirre aktorea, Oskar Matute Alternatibakoa, Mertxe Colina ABkoa, Rebeka Ubera Aralarrekoa, Rufi Etxeberria ezker abertzalekoa, Kontxi Bilbao EBkoa, Ainhoa Aznarez PSNko zinegotzi ohia, Xabier Mikel Errekondo Amaiurrekoa, Joxean Agirre soziologoa, Iñaki Egaña historiagilea, Karmelo Landa eta Francisco Letamendia Ortzi EHUko irakasleak, Jabi Garnika LABekoa, Jesus Uzkudun CCOOkoa eta Jone Goirizelaia eta Doris Benegas abokatuak.
Iazko irailean Espainiako Auzitegi Nazionalak kartzela zigorra jarri zien Otegi, Diez, Rodriguez, Jacinto eta Miren ezker abertzaleko kideei, eta Iñigo Iruin, Jone Goirizelaia eta Kepa Landa defentsa abokatuek azaroan helegitea sartu zuten. Hain zuzen, Auzitegi Gorenak datorren asteazkenean aztertuko du defentsen helegitea. Horrek dio “oinarririk gabekoa”, “logikaren kontrakoa” eta “zentzugabekerietan eta okerretan oinarritua” dela zigorra, eta Auzitegi Nazionalaren epaia bertan behera uzteko zein zigortuak absolbitzeko eskatu dute.
Donostiako agerraldia egin dutenek salatu dute “errepresioan oinarritu” zutela epaia, baina honek Euskal Herrian zilegitasunik ez daukala. “Izaera politiko nabarmena duen epaia da, Auzitegi Nazionalaren moduko salbuespenezko auzitegi batek kaleraturiko salbuespenezko epaia”.
Asteazkenean bertan Bilbon Justizia jauregiaren aurrean elkarretaratzea izango dela jakinarazi dute.
Zortzi eta hamar urte arteko kartzela zigorrak
Hamarna urteko kartzela zigorra jarri zien Auzitegi Nazionalak Otegiri eta Diezi, ETAko buruzagitzat jota, eta zortzinakoa Rodriguezi, Jacintori eta Zabaletari, ETAkoak direlakoan.
Ezker abertzalean Zutik Euskal Herria ebazpenarekin amaitu zen eztabaida sustatu zuten bost haiek, baina ETAren aginduz aritzea egotzi zien Auzitegi Nazionaleko epaiak. Bide politikoen alde egiten du dokumentuak.
Espainiako Poliziak 2009ko urriaren 13an egin zuen operazioa.