Pasaiako biziberritzean borondate falta egotzi die EAJk erakundeei
EAJko batzarkide taldearen bozeramaile Markel Olanok esan duenez, erakunde publikoak “aitzakiak” erabiltzen ari dira “biziberritzearekin duten ardura bere gain ez hartzeko”. Gaur egin dute agerraldia batzarkide taldearen bozeramaile Markel Olanok, Madrilgo Diputatuen Kongresuan Gipuzkoako diputatu Arantza Tapiak, jeltzaleen legebiltzarkide Maribel Vaquerok eta Pasaiako EAJren udal taldeko bozeramaile Nahikari Oterminek. Pasaiako biziberritzean eskumena duten erakundeei borondate falta leporatzeaz gain, hainbat proposamen plazaratu dituzte, beste behin ere kanpo kaiaren alde eginez. Olanoren arabera, badia osoko biziberritzeko portuaren jarduera kanpora eraman beharra dago. Hala ere, biziberritzeari kanpo kaia eraikitzen hasteko itxaron gabe ekin dakiokeela defendatu du jeltzaleak. EAJren arabera Espainiako gobernuak du ardura gehien Pasaiak pairatzen duen utzikeria egoera. “Espainiako gobernuak du ardura gehien eta, bitartean, Pasaiako herritarrak dira kaltetuak; alabaina, hainbat eraikin bota dituzte eta eremua degradatua dago; hots, hondakindegia dirudi, nahiz eta EAJren aldundiak behin behineko aparkalekua eta joko eremua proposatu zituen pasaitarrentzat”, esan dute Kaiko Herrerari erreferentzia eginez. Arantza Tapia, bestalde, 2011ko apirilaren 5ean sinatutako protokoloa betetzeko eskatu du Madrilgo Diputatuen Kongresuan. Tapiaren arabera, “protokoloa ez betetzea politika borondate falta da eta, horrek, birsorkuntza proiektua geldirik du. Tapiaren arabera, “kanpoko kaiaren proiektua aitzakiatzat dute bai batzuek bai besteek Pasaiako birsorkuntzarako garrantzitsuak diren hainbat erabaki ez hartzeko”. EAJk jakinarazi duenez, Madrilgo gobernuak [...]
EAJko batzarkide taldearen bozeramaile Markel Olanok esan duenez, erakunde publikoak “aitzakiak” erabiltzen ari dira “biziberritzearekin duten ardura bere gain ez hartzeko”.
Gaur egin dute agerraldia batzarkide taldearen bozeramaile Markel Olanok, Madrilgo Diputatuen Kongresuan Gipuzkoako diputatu Arantza Tapiak, jeltzaleen legebiltzarkide Maribel Vaquerok eta Pasaiako EAJren udal taldeko bozeramaile Nahikari Oterminek. Pasaiako biziberritzean eskumena duten erakundeei borondate falta leporatzeaz gain, hainbat proposamen plazaratu dituzte, beste behin ere kanpo kaiaren alde eginez. Olanoren arabera, badia osoko biziberritzeko portuaren jarduera kanpora eraman beharra dago. Hala ere, biziberritzeari kanpo kaia eraikitzen hasteko itxaron gabe ekin dakiokeela defendatu du jeltzaleak.
EAJren arabera Espainiako gobernuak du ardura gehien Pasaiak pairatzen duen utzikeria egoera. “Espainiako gobernuak du ardura gehien eta, bitartean, Pasaiako herritarrak dira kaltetuak; alabaina, hainbat eraikin bota dituzte eta eremua degradatua dago; hots, hondakindegia dirudi, nahiz eta EAJren aldundiak behin behineko aparkalekua eta joko eremua proposatu zituen pasaitarrentzat”, esan dute Kaiko Herrerari erreferentzia eginez.
Arantza Tapia, bestalde, 2011ko apirilaren 5ean sinatutako protokoloa betetzeko eskatu du Madrilgo Diputatuen Kongresuan. Tapiaren arabera, “protokoloa ez betetzea politika borondate falta da eta, horrek, birsorkuntza proiektua geldirik du. Tapiaren arabera, “kanpoko kaiaren proiektua aitzakiatzat dute bai batzuek bai besteek Pasaiako birsorkuntzarako garrantzitsuak diren hainbat erabaki ez hartzeko”.
EAJk jakinarazi duenez, Madrilgo gobernuak Jaizkibiak ez duela inbertsio gehiagorik egingo erabaki du, eta horren aurrean zera galdetzen dute jeltzaleek: “Nola eramango dugu proiektua aurrera ardura gehiena duen erakunderik gabe?”.
UPyDren legezko proposamenari osoko zuzenketa
Halaber, Maribel Vaquero legebiltzarkideak EAJk UPyDren legezko proposamenari osoko zuzenketa aurkeztu diola iragarri du. UPyDk kanpo kaiaren egitasmoa bertan behera uzteko eskatu du eta Vaquero nabarmendu duenez, “Pasaiako badiaren eta inguruaren birsorkuntza helburu utziezina izan behar du erakunde guztientzat; alabaina, Pasaiatarren bizi kalitatea hobetuko du eta lurraldeak kai lehiakorra izango du eta, ondorioz, lurraldearen ekonomia-jarduera bultzatuko da”.
Azkenik, EAJko Pasaiako udal bozeramaile Nahikari Oterminek adierazi du Pasaiako biziberritzean badirela kanpo kaiaren eraikuntzaren beharrik ez duten hainbat proiektu eta horiei “gaur bertan” ekiteko eskatu du, zehazki Kaiko Herrerarako proiektuari erreferentzia eginez. Era berean, Udalari Euskadiko itsas bazterreko herrien garapenerako eta sustapenerako laguntza-programari –Itxaspe– atxikitzeko eskatu dutela iragarri du.