Lizeoan, bidaia historikoa
Pasaia-Lezo Lizeoko komunitatea etzi bilduko da, ikastolaren sinboloa den Donibaneko egoitzan. Ohi bezala, egitarau zabala antolatu dute, denen gozagarri.
Hasteko, Donibaneko kiroldegian ekitaldia antolatu dute, Bidaia historikoa izenarekin bataiatu dutena. Hala, 1976ko promozioko ikasleak omenduko dituzte. Eurez gain, aurten Lizeoa utziko dutenei ere aitortza egingo diete: Rexu Olasagasti autobusetako langilea jubilatuko da, eta Batxilergoko Bigarren Mailako ikasleei ere gorazarre egingo diete.
Omenaldiez gain, ikuskizunek ere izango dute bere tokia Donibaneko kiroldegiko kantxan. Horrela, Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta DBHko ikasleak prestatzen aritu diren emankizunak ikusgai izango dituzte bertara hurbiltzen direnek.
Bidaia historikoa egin ondoren, Lizeoko eraikin nagusira bidaiatuko dira kiroldegian daudenak, zein egon ez direnak. Otordua izango dute zain bertan denek ala denek.
Bazkaltzen lehenak haurrak izango dira, 13:30etik aurrera. Guztira, 250 ume bilduko dira mahaiaren bueltan. Ordubete beranduago, haurrak eurentzako prestatutako jolasetara joango dira eta helduen bazkaltzeko txanda izango da (350 izango dira, gutxi gorabehera).
Helduek otordua bukatzen dutenean eta haurrek jolasak, dantzaldia izango da bertan, gorputza mugitu nahi duenarentzat. Modesto izango da musika jartzearen arduraduna.