Muliateko babes ofizialeko 170 etxebizitzak apirilean emango dituzte
Muliateko babes ofizialeko 170 etxebizitzak datozen asteetan emango dituzte. Hala ziurtatu zuen herenegun Aitor Kerejeta alkateak etxeetara egindako bisitan. Datorren asteartean Eusko Jaurlaritzako ordezkariak Hondarribira etorriko dira etxebizitzen ziurtapena emateko, baina horretarako ezinbestekoa da inguruko berritze proiektuek aurrera egitea, oinezko eta autoentzako sarbideak prest egotea barne. Eraikitze lanak 2010eko uztailean hasi zituzten, eta bukatzeko epea 25 hilabetekoa zuten langileek. Hala, hasiera batean giltzak abuztuan ematekoak ziren, baina obra martxa onean doa, eta Muliatera bizitzera joango diren hondarribiarrek aste batzuetan haien etxebizitzako, garajeko eta trastetegiko giltzak izango dituzte eskutan. «Jakin badakigu ilusio handiz daudela jabeak, eta pazientzia pixka bat eskatzen diegu, ahaztu gabe hasierako epea 2012ko abuztua zela», azaldu zuen Kerejetak. Ate irekien jardunaldia, gaur Jaurlaritzak ziurtapena ematen duenean, etxebizitzak eskrituratzen hasiko dira, eta Aste Santua aurretik eta ondoren, denak eskrituratuta egotea espero dute. «Etxebizitzak kalitate handikoak dira, eta bertara joango diren 170 familiek ongi gozatzea espero dugu», gehitu zuen Kerejeta alkateak. Gaur arratsaldeko hiruetatik aurrera, Miguel Imaz enpresak ate irekien jardunaldia egingo du, etxebizitza egokitu zaienei zuzenduta. Segurtasun neurriak direla eta, ezingo da autoz bertaratu, eta beharrezkoa izango da etxebizitzetara oinez iristea. «Udal gobernu taldearen helburua Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailarekin lankidetza hitzarmen bat sinatzea da, gure hirian alokairua eta babes [...]
Muliateko babes ofizialeko 170 etxebizitzak datozen asteetan emango dituzte. Hala ziurtatu zuen herenegun Aitor Kerejeta alkateak etxeetara egindako bisitan. Datorren asteartean Eusko Jaurlaritzako ordezkariak Hondarribira etorriko dira etxebizitzen ziurtapena emateko, baina horretarako ezinbestekoa da inguruko berritze proiektuek aurrera egitea, oinezko eta autoentzako sarbideak prest egotea barne.
Eraikitze lanak 2010eko uztailean hasi zituzten, eta bukatzeko epea 25 hilabetekoa zuten langileek. Hala, hasiera batean giltzak abuztuan ematekoak ziren, baina obra martxa onean doa, eta Muliatera bizitzera joango diren hondarribiarrek aste batzuetan haien etxebizitzako, garajeko eta trastetegiko giltzak izango dituzte eskutan. «Jakin badakigu ilusio handiz daudela jabeak, eta pazientzia pixka bat eskatzen diegu, ahaztu gabe hasierako epea 2012ko abuztua zela», azaldu zuen Kerejetak.
Ate irekien jardunaldia, gaur
Jaurlaritzak ziurtapena ematen duenean, etxebizitzak eskrituratzen hasiko dira, eta Aste Santua aurretik eta ondoren, denak eskrituratuta egotea espero dute. «Etxebizitzak kalitate handikoak dira, eta bertara joango diren 170 familiek ongi gozatzea espero dugu», gehitu zuen Kerejeta alkateak. Gaur arratsaldeko hiruetatik aurrera, Miguel Imaz enpresak ate irekien jardunaldia egingo du, etxebizitza egokitu zaienei zuzenduta. Segurtasun neurriak direla eta, ezingo da autoz bertaratu, eta beharrezkoa izango da etxebizitzetara oinez iristea.
«Udal gobernu taldearen helburua Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailarekin lankidetza hitzarmen bat sinatzea da, gure hirian alokairua eta babes ofiziala sustatzen jarraitu ahal izateko. Datozen asteetan legealdi osorako etxebizitza publikoaren gaia itxita utzi nahi genuke», adierazi zuen.
265 etxebizitza lau urtean
Datozen lau urteetan Hondarribiko Udalak 265 etxebizitza publiko ingururen eraikuntza bultzatzeko asmoa du. Hala, Eusko Jaurlaritzarekin hitzarmena sinatuta, «etxe horietatik ahal direnak, alokairurako udalak eraiki eta Lakuak kudeatu ditzan», alkatearen arabera.
Muliateko 195 etxebizitza horietako 25 Jaurlaritzak erosi ditu gero zozkatu eta kudeatzeko, alokairuan. «Baina datozen urteetara begira, Lakuak ez du etxeak erosteko diru adina izango, eta horregatik, hirian aurreikusita ditugun lau eremuri buruzko hitzarmena negoziatzen ari gara» esan du Kerejetak.
«Gure asmoa, urtero etxebizitza proiektu baten lehiaketa eta eraikuntza martxan jartzea da. Horretarako lau eremu dauzkagu: Muliateko bigarren fasea, 65 etxerekin; Presa eta Damarriko eremuak, 163 etxerekin; eta azkenik, behin-behineko anbulatorioa jarrita dagoen eremua, Jostaldi frontoi ondokoa, Presa 2 deitu duguna, 35 etxebizitza ingururekin», zehaztu zuen.
Guk, alokairurako zenbait etxe egingo genituzke zonalde bakoitzean, Jaurlaritzak horretarako ematen duen diru laguntzarekin partzialki finantzatuz; etxeak beraz, udalarenak izango dira oraingoan, baina hitzarmen berean, kudeaketa Lakuak hartzea adostu nahi dugu», bukatu zuen Kerejetak.


