Munduko tailerrekin amaituko da kultur aniztasun astea
Gaur arratsaldean amaituko da Belaskoenea eskolan antolatu duten 4. Kulturartekotasunaren Astea. Asteartetik hainbat ekintza antolatu dituzte Mundu txikia da eskola; mundua, berriz, eskola handia da lelopean. Gaurko, egun osoko egitaraua dute. Goizez ...
Gaur arratsaldean amaituko da Belaskoenea eskolan antolatu duten 4. Kulturartekotasunaren Astea. Asteartetik hainbat ekintza antolatu dituzte Mundu txikia da eskola; mundua, berriz, eskola handia da lelopean. Gaurko, egun osoko egitaraua dute. Goizez Lehen Hezkuntzakoek zineforuma izango dute; Azur eta Asmar filma ikusiko dute, eta gero solasaldia egingo dute ikusitakoari buruz. Izan ere, horixe da Kulturartekotasunaren Astearen helburuetako bat; hots, kultur aniztasunaren gainean eztabaida piztea. Hala, gaurkoa LHko haurrek ikusiko duten hirugarren pelikula izango da (Antxeta eta katua jarri zieten asteartean, eta Umetxoak, herenegun).
Ondoren, musika jaialdia egingo dute. Ikasleak ariko dira aurrena, eta eskolako abesbatza gero. Maila bakoitzeko ikasleek abesti bana abestuko dute, eta abesbatzakoek bederatzi doinuko saioa eskainiko dute. Antartida ezik, beste kontinente guztietako abestiak kantatuko dituzte.
Arratsalderako tailerrak antolatu dituzte, nola ez, mundukoak. Denetarikoak egongo dira: trentza, pultsera, henna, margoketa, malabareak, paperezko eraikuntzak…
Lau egun, hamaika ekintza
Asteartean hasi zituzten jardunaldiak. Besteak beste, munduko jolasak eta ipuinak, zineforuma, eta munduko sukaldaritza dastaketa izan dituzte gaurdaino. Azken ekimen horretarako eskolako haurren gurasoak izan dira sukaldariak. Gainera, eskolako sarrera «mundu guztiko» argazkiekin osatutako erakusketarekin atondu zuten. Belaskoeneako ikasle, guraso, irakasle eta hezitzaileek eta Kale Dor Kayiko taldeak lagundu dute prestatzen.

