Bizikleta proban, San Sebastian eta Torres nagusi
Herenegun jokatu zuten Errenteriako kaleetan Gazte Mailako XXIX. Errenteria Hiria Txirrindularitza Saria. Mutiletan Cristian Torres nagusitu zen, eta nesketan Irene San Sebastian. Beste bi sari ere banatu zituzten: Gaizka Castelruiz saritu zuten herrik...
Herenegun jokatu zuten Errenteriako kaleetan Gazte Mailako XXIX. Errenteria Hiria Txirrindularitza Saria. Mutiletan Cristian Torres nagusitu zen, eta nesketan Irene San Sebastian. Beste bi sari ere banatu zituzten: Gaizka Castelruiz saritu zuten herriko lehen txirrindularia izateagatik, eta talderik onenaren saria Castillo de Ondari eman zioten.
Lasterketa “azkarra” izan zela jakinarazi du Laguntasuna elkarteak, lasterketaren antolatzaileak, eta batez besteko abiadura orduko 44 kilometrokoa izan zela. Horrez gain, erasoaldi ugari izan zirela adierazi du, eta lasterketa amaitzear zela bost txirrindularik osatutako taldea helmugara iristear izan zela. Hala ere, lau kilometroren faltan tropelak harrapatu zituen. Horrenbestez, esprintean erabaki zen gizonen lehia, eta Torres nagusitu zen.
“Kopuru polita”
Laguntasunak jakinarazi duenez, guztira, 128 txirrindularik parte hartu zuten proban. Espero baino gutxiago izan arren —140 espero zituzten—, “kopuru polita” dela nabarmendu dute antolatzaileek.